39 urte sahararrek independentzia aldarrikatu zutenetik

Karkara 2015ko ots. 27a, 17:15

Urtero bezala, mendebaldeko sahararen bandera eta ikurrina Udaletxeko balkoian zintzilikatu eta tea hartu dute ordezkariek

Otsailaren 27a egun garrantzitsua da sahararrentzat. 1976ko egun berean Saharako errepublika aldarrikatu zuten, eta espainiako soldaduek han zuten azken kolonia utzi zuten. Egun hori beren independentziaren aldeko eguna bilakatu da geroztik. Urtero bezala, Orioko udalak eta herriko saharar kolektiboak, urteurrena ospatzeko, ekitaldi xume bat egin dute batzar aretoan.

Urte hartan espainiak utzitako hutsune juridikoa baliatuz, maroko eta mauritaniak gure lurraldea hartu nahi izan zuten berentzat, saharar herria kontuan hartu gabe –esan du Ahmed Labeidek, Gueraraorio elkarteko kideak–. Saharako herriak geroztik aurre egin dio okupazio horri. Egun berezi hau udalaren eta herritarren laguntza solidarioarekin ospatzeagatik poza adierazi du Labeidek.

Herrialde anaiak izanik, elkarren ondoan egotearen eta esperientziak konpartitzearen garrantzia azpimarratu du Beñat Solaberrieta alkateak. Herri gisa burujabe izan nahi dugula esan du, eta hori lortzeko elkar-laguntza ezinbestekoa iruditzen zaigula.

Ekitaldiari amaiera emateko mendebaldeko sahararen bandera eta ikurriña udaletxeko balkoian zintzilikatu dituzte, eta saharan bizi den egoerari buruzko bideo bat proiektatu dute sahararrek tea banatzen zuten bitartean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide