Bihotzetik idatzitako kronika txuri-urdinak

Karkara 2015ko ots. 24a, 07:59

Erronka berri bati heldu dio Elisa Manterolak. Atzo aurkeztu zuten elvestuario.es webgunean, non Realaren inguruko kronikak eta elkarrizketak idatziko dituen

Koloreak sentitzen dituen horietakoa da Elisa Manterola, odol zuri-urdina duena. Realzalea. Ofizioz irakaslea; futbola du afizio, baita idaztea ere. Aisian, astebururo-astebururo, Realeko partidak ikusten dit –gizonezkoena eta emakumezkoena–; ez du hutsik egiten. Eta, epaileak norgehiagokaren amaiera adierazten duten hiru txilibituak jotzean, idazten hasten da. Paper zuriak pasioz jositako hitzekin betetzen ditu. 

Urte mordoa darama futbolaz bihotzarekin idazten. Hainbat hedabiderekin kolaboratu du, baita blog pertsonala txuri-urdin koloreekin margotu. Orain, erronka berri bat du aurrean. Harmailetatik ez ezik, aurrerantzean aldageletatik idatziko du; noski, Realaren inguruan.

Aldagela baten espirituarekin sortu da Elvestuario.es 

Garaipen handienak aldagelan irabazten dira eta porrot latzgarrienak gainditu. Aldagelan dago indarra, aldagelan egiten du bat taldeak. Espiritu horrekin sortu dute 15 futbol zale amorratuk –tartean Elisa Manterola– elvestuario.es

Atzo izan zuten lehen partida, estreinu eguna. Lehen hamaikakoan hamaika ez, hamabost dira. Guztiak titularrak, guztiak ezinbestekoak. Bakoitzak bere postua du, bere eginkizula. Bakoitzak bere talde kuttunaz idatziko du, Manterolak Realaz –gizonezkoen nahiz emakumezkoen lehen taldeaz–.

90 babes-bideo, Realarenak eta Oriokorenak tarteko

Manterola Realarekin jarri da kontaktuan, babesa eta informazioa lortze aldera. Atea jo duen bakoitzean, ez du ezezkorik jaso, alderantziz. Reala oso ondo portatu da berekin.

Proiektua abian jarri aurretik futbolari, futbol-talde eta futbolzaleen babesa bilatzen hasi ziren. 90 babes-bideo inguru bildu zituzten, asko famatuenak. Baina, bereziki bi dira bereziak Manterolarentzat: Realeko futbolariek egindakoa –Ainara Manterola, Nerea Gabirondo eta Leire Fernandezek– eta Orioko neskek egindakoa. 

Horrez gain, Realeko Javi De Pedrok beteranoei ordezkatzen, eta Joseba Zalduak eta David Zurutuzak gizonezkoen lehen taldearen izenean ere egin dizkiete bideoak. Oraingoz atea parez pare ireki dio Realak Manterolari, eta bera pozarren dago harrera hori eduki duelako.

Asteazkenetan Realaren berriak

Asteazkenetan igoko ditu ekarpenak Manterolak. Urduri dago, idaztea gustatzen zaion arren, ez delako kazetaria. Idazteko zailtasuna oztopo bada, ilusioak gainditzen ditu bideko eragozpen guztiak. Atzo jarri zuten martxan, gogotsu, kirolzale guztientzat atari berria: elvestuario.es. Luzerako izatea espero dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide