Gazte bat atxilotu dute genero indarkeria egotzita

Karkara 2015ko ots. 23a, 15:05

29 urteko gazte bat atxilotu zuten, ustez, bikotekidea jotzeagatik Orion, igande arratsaldean.

Igandean, Orion, arratsaldeko 18:00ak aldera, 29 urteko gazte bat atxilotu zuten. Antza, 28 urteko bikotekidea jo zuen, zortzi hilabetez haurdun dagoena.

Ertzaintzaren arabera, emakumea Orioko Udaltzaingora joan zen, gizonak kolpatu egin zuela eta. Udaltzaingoa ertzaintzarekin jarri zen kontaktuan, eta ertzaintzak gertakariaren berri izan bezain pronto, emakumearekin jarri ziren harremanetan. Berak jazotakoaren berri eman zien, hau da, eztabaida baten ondorioz gizonak bultzatu egin zuela eta ondoren apal batekin jo zuela.

Emakumeak aitortu zuen bultzadak ohikoak zirela, sarritan egiten zizkiola horrelakoak. Horretaz aparte, tratu txar psikologikoa ere egiten ziola esan zuen. Bi alaba dituzte, eta beren aurrean ere tratu txarrak egiten omen dizkio. Itxura denez, ohikoak dira gizonaren partetik eraso psikologiko nahiz psikikoak.

Behin informazioa entzunda, ertzaintza emakumearen etxera joan zen. Gizona aurkitu zuten bertan, eta eztabaidatu egin zutela onartu zien. Horrez gain, egurrezko apala erorita zegoela ikusi zuen ertzaintzak. Hortaz, gaztea atxilotu zuten.


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide