Ez da lehen aldia eszenatokira elkarrekin igotzen direla. Ondo ezagutzen dute elkar, ondo uztartzen dituzte beren gaitasunak. Orion izan ziren iaz, elkarrekin, eta aurten ere berriro izango dira. Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarraz eta Andoni Egaña bertsolari zarauztarraz ari gara.
Ostiral honetan, gaueko 22:00etan, pianoa, bertsoak eta istorioak lotzen dituen ikuskizuna aurkeztuko dute, Orioko Kultur Etxean. Amezketatik hasi eta Europaraino, kultura nola bizi zuten azalduko dute. Garai hura gara izenpean, kultura joeren berri emango dute bi sortzaileek.
Xabier Lizasok Larrañagaren, Gamarraren, Osinagaren eta Peñafloridaren musikak joko ditu. Egañak Fernando Amezketarraren, Txabolategiren, Zabalaren, Samaniegoren eta beste hainbat bertsolariren lanak ekarriko ditu gogora.
Ostiral honetan izango da ikuskizuna, eta sarrerak doan diren arren, aldez aurretik erreserbatu behar dira. Gonbidapenak hartzeko Kultur Etxera etorri beharko da. Guztira 120 sarrera jarri dituzte eskuragarri, hori baita aretoaren edukiera.