Tosta arraunketa uda partean izaten da sasoikoen. Liga, txapelketak eta banderak ekainetik irailera arte jokatzen dira. Estropada horiei begira, ordea, urte guztian egiten dute lan. Gero eta garrantzia handiagoa du prestakuntzan, eta horren erantzule, Orio Arraunketa Elkarteak neguko estropada-jaitsiera antolatu zuen 1995ean: Oriaren jaitsiera.
Kantitate eta kalitate ugariko estropada
Larunbat honetan izango da 21. Oriaren Jaitsiera, arratsaldeko 16:00etan. Partaidetzak gora egin du, beste behin. 87 tripulaziok hartuko dute parte aurtengo jaitsieran. Aurtengo jaitsiera berezia da guretzat, –50.urteurrenagatik– eta oso pozgarria da parte hartzaile kopuruan errekorra gainditzea. Oso harro gaude hainbeste jende etorriko delako, aitortu du Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak.
Jaitsieraren eguna gorri markatuta daukate askok egutegian. Trainerua probatzera ere etorri nahi izan dute estatuko hainbat taldek, Valentziakoek eta Kataluniakoek, esaterako. Oriori elkarte horiei guztiei ongi etorria egitea egokitzen zaie. Anfitrioi lanak egitea.
Laugarren edizioa da gizonezkoen Babyauto bandera jokatuko dena, eta lehendabiziko Babyauto bandera emakumezkoetan. Guztira zortzi llagut, bost jubenilen talde, 11 beteranoenak, 49 gizonezko absolutuenak eta 15 emakumezkoen taldek hartuko dute parte. Bi ibilbide daude prestatuta, bata 4000 metrokoa, irteera Saikolan eta helmuga Orion izango duena. Hori mediterraneoko ontziek, emakumezkoek, jubenilek eta beteranoek egingo dute. Bestea, 6000 metrokoa, Mapilen hasi eta Orion amaituko dena, absolutu mailakoek egingo dute. Irabazleei banderak udaletxeko atarian emango zaizkie.
Emakumeak ere protagonista
Lehen aldia da emakumezkoak Babyauto bandera lortzearren lehiatuko direla. 15 traineru datoz, bai Kantauri kostatik, bai mediterraneotik. Arrakasta ikaragarria da, dio Huegunek. Garrantzitsua da oso emakumezkoak integratzea. Guztiak lehiaketa baten baitan elkartzea, emakumezkoak parte hartu ahal izatea, oso apustu interesgarria eta egin beharrekoa iruditzen zait, azaldu du Beñat Solaberrieta Orioko Alkateak.
Ibon Maza Babyautoko kideak aipatu du komunitatea elkartzea: gazteak, helduak eta emakumeak, oso polita dela. Urtero antolatzea merezi duen ekitaldia da, ea urte askotarako den, gaineratu du.
Orioko Arraun Elkarteak, bere aldetik, Babyautori urtero egiten duen esfortzua eskertu dio. Udalari ere eman dizkio eskerrak baliabideak uzteagatik. Bestalde, hau guztia antolatzeko jende askoren laguntza behar dutela gehitu du, eta Orio herriari laguntza eskatzen dieten bakoitzean jasotako erantzunagatik oso eskertuta daudela dio. Larunbatean gurekin boluntario asko egongo dira, oso eskertuta gaude.
Herritik eta herritarrekin egindako festa
Herriko eragile batek sortutako ekitaldia izatea garrantzitsua da. Dimentsio handiko jaialdia da, jende askoren beharra duena. Eragile batek herriari horrelako zerbait eskaintzea oso ondo dago, eta boluntarioki baldin bada, askoz ere aberasgarriagoa da, aipatu du Solaberrietak.
Jendea Oriaren jaitsiera bi ikuspegitatik ikustera gonbidatu ditu alkateak. Batetik, lehiaketaren aldetik; bestetik, festa ikuspegitik. Izan ere, kalitateak eta kantitateak hori emango du: lehia eta festa uztartzeko aukera.
1000 baina gehiago batzeak herriari arrauna baina gehiago ematen baitio, festa. Eta festara batu dira Vilafranca del Penedèseko musikari eta castellersak, eta Orioko Talai Mendi txaranga.