Inauteriak, festa koloretsu eta umoretsuak

Karkara 2015ko ots. 13a, 08:09

Bikamiotan hasiko da festa, 17:00etan. Euria eginez gero Karela kiroldegian izango da.

Salto, jauzi; salto eta jauzi. Txarangaren doinuekin saltoka, behera-behera lehendabizi eta gora salto ondoren. Talai Mendi txarangak jarriko dio doinua eta herritarrek umorea larunbateko festari. Inauteriak izango dira Orion, urtero bezala.

Iaztik buruan duzuna, azken asteotan prestatzen burukomin dezente eman dizuna edo urte luze armairuan hautsa hartzen daukazun mozorroa jantzi eta inauteri alaian murgildu. Bikamiotan hasiko da festa, desfilea, arratsaldeko 17:00etan. Arrantzale kaletik kalejiran plazaraino joango da, eta plazatik Karela kiroldegira.

Kiroldegian txarangak erromeri doinuei pasako die testigua. Bide Batez musika taldeak girotuko du jaia. Kiroldegian, erromeriaz gain, txokolatada ere izango da.

Eguraldi txarra eginez gero, Kiroldegian

Euria egiten badu kalez kaleko desfilerik ez da izango. Zuzenean festa Karela kiroldegian hasiko da, hortaz, eguraldi txarra eginez gero 17:00etan Kiroldegira hurbildu zaitezte.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide