2014ko kirolari onenaren sarirako izendatu zuten Tiburtzio Etxeberria –Orio, 1969–, 24 urteko ibilbideagatik. Irabazi baino gehiagotan galdu duela dio berak, baina garaipen batekin esan dio agur palari. Gipuzkoako txapelketan eman zituen lehen paladak, eta azkenak ere han ematea erabaki zuen.
Urte mordoa egin duzu palan. Zerk bultzatu zintuen hastera?
Beti etxean afizio handia egon da, gure aita oso pilotazalea zen. Eskuz hasi nintzen, baina minagatik gomako pilotara pasa nintzen. Jokatu nuen final batean Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea zegoen publikoan eta, antza denez, nire jokoa gustatu zitzaion. Larruzkoarekin proba egitea proposatu zidan, eta horrela hasi zen nire ibilbidea; kasualitatez.
Eta zer izan da hainbeste urtez harrapatu zaituena?
Batetik, asteroko entrenamenduetan giro ona egoteak asko laguntzen du. Bestetik, nire jokoaren hobekuntzak. Gorantz zoazen bezala, zeure buruari estutzen diozu eta iristen zarela ikusteak lotu egiten du. Gurpil batean sartzen zara eta ikusten duzu goian daudenak ez daudela hain urrun.
Askok esaten dute eredu bat zarela pala munduan.
Hitz handiak dira horiek. Urte asko daramatzagu eta beti aurpegi berak gabiltza bueltaka. Ni izango naiz urte gehiena daramatzanetako bat. Agian horregatik, beste batzuk guretzat erreferentzia izan ziren bezala, ni izango naiz erreferentzia orain hasten diren gazteentzat.
Zein izan da uzteko arrazoia?
Azkenaldian jokatu ostean gerrialdeko minez egoten naiz. Urte batzuk egin ditut horrela, baina azkenean ikusi dut jokatzean disfrutatzen dudanak ez duela gero sufritzen dudana baretzen. Pena ematen dit maila onean nenbilelako, baina garbi dut gorago ez nintzela joango.
Txapela irabazita esan diozu agur palari.
Erabaki nuen Gipuzkoako Txapelketan esango niola agur palari, nire lehen txapelketa ere hura izan zelako. Irabazi egin nuen eta gustura geratu nintzen, baina, irabazi ez banu ere berdin-berdin izango zen. Azken finean, nik badakit nire ibilbidea zein izan den eta partida bat gehiago da ibilbide luzean.
Ez da irabazi duzun txapela bakarra, mordoa eraman dituzu etxera. Gordeta dituzu denak?
Beti esaten dut txapelketa askotan aritu, askotan galdu eta tarteka irabazi dudala. Egia da beti hor ibili garela, baina irabazi baino askoz gehiago galdu dugu.
Txapelak eta kopak etxean ditut, hala ere, ez diet balio gehiegi ematen. Kirol ibilbideko lorpenak dira, baina arlo pertsonalean ez didate gehiago ematen. Pertsona gisa askoz gehiago ematen dit bide horretan ezagutu dudan jende guztiak. Txapelketak irabazteak momentuko poza ematen du, baina kalera irtetean kirol arloak ez du inporta, beste balore batzuk behar dira.
Gipuzkoako kirolari onena izateko hautagai izan zinen 2014an. Nola bizi zenuen hori?
Federazioak ni izendatu ninduen hautagai, ez 2014ko lorpenegatik, nire ibilbideagatik baizik. Pozez hartu nuen hainbeste pilotariren artean ni aukeratu izana, nire ibilbideari garrantzia ematen dioten seinale da-eta.
Zein izan da zure txapelketa kuttuna?
Atzerrian jokatzen ibili naiz Euskal Federazioari esker, eta Munduko Txapelketa deitu zitzaion bat jokatu genuen San Frantziskon. Irabazi egin genuen. Izenagatik, eta atzerriko pilotariekin joatu nuelako, hori aipatuko nuke, baina Gipuzkoakoa edo Euskadikoa lortu izan ditudanean ere balio bera ematen diet.
Hemendik aurrera, zer?
Beste afizio batzuk hartu beharko ditut. Goma berriz probatu nahiko nuke lasai-lasai, gorputzak nola erantzuten duen ikusteko, baina ezin bada ez gara alperrik galduko.
Pilota munduarekin kontaktuan jarraitzeko asmoa dut, nahiz eta ez jokatu. Nirekin jokatzen ibili direnak erretiratu arte behintzat han izango naiz. Pilotak asko eman baitit arlo pertsonalean, ezagututako jendeagatik; niretzako pilota ez da frontoira joatea bakarrik. Horregatik, kirol ibilbide honetan lagundu nauten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet.