Datorren asteburuan, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, Espainiako Arraunergometro eta Fondo Txapelketak jokatzen dira Ampostan –Tarragonan–, hurrenez hurren. 306 arraunlarik parte hartuko dute lehenengoan, eta 214 ontzik bigarrenean. Orio Arraunketa Elkarteak ere ordezkaritza bidaliko du: 14 arraunlarik hartuko dute bi egunetako probatan.
Larunbatean Espainiako Ergometroko XIV. Txapelketa jokatuko da, eta Orioko hamahiru arraunlari egongo dira bertan: bost gizonezko jubenil mailan –Martxel Aldai, Aritz Hernandez, Joseba Azkonobieta, Mikel Uranga eta Julen Arostegi–, bost pisu arineko gizonezko seniorretan –Imanol Garmendia, Ander Zabala, Aritz Lizarralde, Mikel Arregi eta Migel Angel Millares–, bi 23 urtez azpiko gizonezko senior mailan –Aitor Balerdi eta Unai Lizarralde– eta bat gizonezko absolutuan –Jon Carazo–.
Igandean, bezperako arraunlariei Alberto Etxarte gehituko zaie Ontzi Motzetako Espainiako VI. Fondo Txapelketa jokatzeko. Bost maila desberdinetan parte hartuko du Orio AEk bederatzi ontzirekin: Gizonezko Jubenilak Lemazain Gabeko Bikoan –bi ontzi–, Gizonezko Jubenilak Skiffean –ontzi bat–, Gizonezko Absolutuak Lemazain Gabeko Bikoan –hiru ontzi–, Gizonezko Absolutuak Skiffean –bi onzi– eta Gizonezko Absolutuan Lemazain Gabeko Bikoan Orio-Labradores ontzi mixtoarekin.