Bi kantautoreren komedia bat

Karkara 2015ko ots. 3a, 10:13

Koka kola eta barea antzezlana izango da ostiralean. 120 txartel jarri dituzte salgai, Kultur Etxean eta Karkarak horietako sei zozketatuko ditugu

Ez dok amairu garaira bidaiatzen dute Ramon Agirre eta Inaxio Tolosak Rayren eta Niken azalean. Berreskuratu egin nahi dituzte garai hartan bizitako esperientzia. Komediatik kontatzen dute duela 50 urte bizitakoa, umorez gogoratzen dituzte garai horiek.

Ramon Agirrek eta Inaxio Tolosak ondo ezagutzen dituzte Ray eta Nik; ez baita lehen aldia bi pertsonaia horiek interpretatzen dituztela, Xentimorik gabe antzezlanean ere kantautoreen paperean sartu ziren. Ostiral honetan Koka kola eta barea antzezlana egingo dute Orioko kultur etxean, 22:30ean.

Sarrerak bost euro balio du eta jada eskuratu daitezke Kultur Etxean. Aretoko aforoa mugatua da, 120 ikusle sartzen dira; hortaz, sarrerak erosteko garaiz ibiltzea komeni da.

Hiru sarrera bikoitz zozketan

Karkarak hiru sarrera bikoitz zozkatuko ditu. Hortaz, ostiraleko emanaldia ikusteko bi sarrera eskuratu nahi badituzu emaila idatzi beharko duzu zure datuekin karkara@karkara.com helbidera edo whatsappa bidali 688 859 682 telefonora. Zure izen-abizenak, telefono zenbakia eta emaila jarri beharko dituzu mezuan. Izena ematen duten guztien artean zozketatuko ditugu sarrerak.

Zozketan parte hartzeko epea ostiral goizean itxiko da, 10:00etan. 11:00etan emango dugu irabazleen berri eta Orioko Kultur Etxean jaso beharko dituzue irabazitako bi sarrerak, harreran.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide