Bretainiako, Irlandako, Galesko, Portugalgo, Akitaniako, Pays de la Loireko, Kataluniako eta Euskal Herriko selekzioek parte hartuko dute 2015eko uztailaren 11tik 16ra Orion jokatuko diren Arku Atlantikoko Itsas Jokoetan. Kadete jubenil mailako 600 kirolari etorriko dira herrira, itsasoari lotutako sei kirol egitera: surfa, igeriketa, urpekaritza, piraguismoa, bela eta arrauna.
Jokoak antolatzen dituen Nazioarteko Batzorde Olinpiarrari harrera egin diote Beñat Solaberrieta alkateak eta hainbat zinegotzik. Bi egun igaroko dituzte Orion –urtarrilaren 22a eta 23a– azpiegitura aztertu eta antolaketa lanak aurreratzen.
Francisco Quiroga antolatzaileak esan duenez, uztailaren 11n hasi eta 16an amaituko dira jokoak, eta proba guztiak Orion jokatuko dira surfekoak izan ezik. Zarautzen jokatuko dira horiek. Alkateak hitza hartu duenean, eskerrak eman dizkie Euskal Selekzioa kontuan hartzeagatik, eta euskara ere kontuan izateko eskatu dio batzordeari.
Iaz Frantziako Saint Gillen herrian egin ziren jokoetatik ari da Orioko Udala lanean, han izan baitziren Jon Agirresarobe eta Joxe Anjel Iparragirre zinegotziak eta Mikel Izquierdo kirol teknikaria, jokoak bertatik bertara ezagutzen. Horrez gain, Udalak 12.000 euroko laguntza eta azpiegiturak jarriko ditu jokoen antolaketarako.
Maiatzean berriz etorriko dira Nazioarteko Batzar Olinpiarreko kideak. Bitartean, Orioko Udala antolatzaileekin lanean ari da.