Ate irekiak eta matrikulazio kanpaina

Karkara 2015ko urt. 19a, 10:27

Matrikulazio epea otsailaren 3an zabalduko da, baina, aurretik, Orioko Herri Ikastolaren hezkuntza proiektua eta instalakuntzak bisitatzeko aukera izango dute 2013an jaiotako haurren gurasoek.

Iazko lelo bera erabili dute: Bihotzeko Ikastola. Baina, aurten, ikasleen bihotza ez ezik, guraso eta aiton-amonena ere ireki dute. Izan ere, ikastolako lehen ikasle asko eta asko aiton-amonak dira; eta duela 60 bat urte egindako apustuari irmo eutsi diete beren seme-alabek. Ikastolatik pasatako askori bihotzean giltzatuta gelditu zaie ikastola, eta hori irudikatu nahi izan dugu, azaldu du Zigor Saizarrek. Belaunaldiz belaunaldi bihotzetik bihotzera transmititu den ikastolarekiko maitasuna izango dute hizpide aurtengo matrikulazio kanpainan.

Matrikulazio kanpainari begira sortutako material guztiak ere hori islatzen du; kartelean, esaterako, Itsaso Ibarbia HHko ikaslea eta bere amona Maria Pilar Etxeberria ageri dira. Diptikoan ere ikastola osatzen duten ikasle, irakasle eta familien argazkiak ageri dira.

Bi ekitaldi nagusi antolatu dituzte matrikulazio kanpainaren barruan: urtarrilaren 21eko informazio bilera eta urtarrilaren 24ko ate irekien jardunaldia. Bileren helburua gure hezkuntza proiektuaren berria ematea da, eta, bide batez, gurasoen zalantzak argitzea, argitu du Karlos Larrañegik. Bi bilera egingo dira, biak batzar aretoan. Lehendabizikoa arratsaldeko 17:00etan, euskaraz; bigarrena, 18:30ean, gaztelaniaz.

Larunbatean ateak zabalduko ditu Orioko Herri Ikastolak ikastetxea ikusi nahi dutenentzat. 10:30etatik eguerdira bitarte egongo da irekita Ikastola, eta bi urteko gelatik hasi eta mailaz maila gela guztiak ikusi ahal izango dituzte. Horrez gain, gela bakoitzean irakasleak egongo dira gurasoen galderak erantzuteko.

Aurre matrikula, otsailaren 2tik 13ra

Aurre matrikula egiteko epea otsailaren 2an hasiko da eta otsailaren 13an itxiko da. Ikastolan bertan egin behar da, lehen solairuko bulegoan. Izena eman ahal izateko beharrezkoa da Familia Liburua eta NANaren kopia aurkeztea. Goizeko 8:30etatik 13:30etara eta 14:30etatik 18:30etara egongo da irekita bulegoa.

Matrikulatzen diren gurasoei USB-giltza oparituko zaie. Ikastolako giltza sinbolizatzen duen USBa emango zaie, hau da, giltza itxurako pendrive-a. Ikastolako ateak zabal zabalik dituztela adierazi nahi dute keinu honekin, izena ematen dutenetik kooperatibaren parte direla.

%30 jaitsi da jaiotza-tasa

2013an jaiotako neska-mutilei zuzendutako kanpaina da aurtengoa, bereziki. Erroldaren arabera 58 dira urte horretan jaiotako oriotarrak; dena den, Santio auzoko haur ugari ere Ikastolara etortzen dira eta horiek ez dira kopuru horretan sartzen, dio zuzendariak. Jaiotza-tasa asko jaitsi da 2012tik hona, %30 inguru. Horrek zuzenean eragiten diete ikastetxeei.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide