Negu-neguko eguraldia izan dugu azken asteotan; hotz handia eta tenperatura baxuak. Termometroak zero graduen muga ere pasa du hainbatetan. Izotzaldia izan da eta hurrengo egunetan ere izotza egingo duela diote iragarpenek, astebururako tenperaturak behera egingo baitu.
Izotzak Presto motako iturriak hautsi ditu beste urteetan; iturriaren pieza bat puskatu egiten da izotzarekin. Apurtutakoa konpontzeak gastu handia duenez, aurten, izotzaldian iturriak ixteko erabakia hartu du Udalak. Hortaz, Presto iturriak –zapaltzean ura botatzen hasi eta denbora batera gelditu egiten direnak– itxita daude eta ez dute urik botatzen.
Ez dakite noiz irekiko dituzten berriro iturriak. Hotza dago aurreikusita ondorengo egunetan, eta hotza da iturriak haustearen arrazoia. Hori dela eta, ez dakite noiz arte egongo diren iturri horiek urik gabe.