Bachen kantuak Olearen eskuekin jota

Karkara 2015ko urt. 16a, 09:56

Bachorama kontzertua eskainiko du larunbat honetan, 20:00etan, Aitor Oleak Orioko elizan.

Johann Sebastian Bachen organorako hiru lan entzuteko eta gozatzeko aukera izango da larunbat honetan, 20:00etan, Orioko Bariko Nikolas Deunaren elizan.

Aitor Olea Juaristik joko ditu Bachen piezak. Durangarrak Arrasaten hasi zituen musika ikasketak; gero, Donostiako kontserbatoriora joan zen. 1991n Baionako musika eskolan organoaren ikaskuntzan sakontzeko aukera izan zuen. Sei urteren ondoren, organo ikasketak bukatu eta bi sari eskuratu zituen.

Ordutik beste hamaika sari lortu ditu, eta ez dio ikasteari utzi. Kontzertuak ematen hasi zenetik ere, ez da oholtzatik jaitsi. Frantzian, Belgikan, Alemanian, Irlandan, Ingalaterran, Italian eta Finlandian izan da, besteak beste.

Gaur egun Bergarako Pedro Deunaren elizako organo-jotzaile titularra da. Baina, larunbat honetan, Bergarako organoa Oriokoarengatik ordezkatuko du. Juan Sebastian Bach –1685-1750– musikariaren hiru kantu joko ditu: Toccata eta Fuga Re m BWV 565, Preludioa eta Fuga Sol M BWV 541 eta Passacaglia eta Fuga Do m BWV 582. Kontzertua ekimen didaktikoa izango da, Oleak gerturatzen direnekin hitz egingo du entzuleek musika hobeto ulertzeko, Orioko organoa estreinatu zen kontzertuan egin zuen bezala.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide