42 minutu eta 21 segundo. Hossain Kaanachek denbora hori behar izan zuen irteera puntutik helmugara iristeko, 12 kilometro egiteko. Korrikalari guztien artean azkarrena izan zen bera, lehendabizikoa, irabazlea.
Lasarten izan zen lasterketa, igandean, Lasarteko Kross ospetsuaren ibilbide beretik igarotzen dena. Lokatzez betetako bidetik Aritzetara igo eta errepidetik jaitsi. Hipodromo barrutik kanpora; eta kanpotik, barrura. Zailtasun, malda eta ezaugarri anitzeko lasterketan Hossain Kaanachek erraz irabazi du.
Alde handia atera dio bigarren korrikalariari, Raul Gomez Margallori. Ia minutu bateko tartearekin helmugaratu da Gomez, 43 minutuko denboran gelditu baitu kronometroa. Podiuma Jon Gonzalezek itxi du, 44:09 denborarekin.