Berrikuntzak Karkara.eus atarian

Karkara 2015ko urt. 8a, 14:54

ATALAK izeneko leihoa sortu dugu, papereko edukia esportatzeko eta zerbitzu berriak emateko.

Teknologia etengabe garatuz doa, etenik gabe. Aro digitalean ate ugari zabaltzen ditu Internetek eta Karkarak aukera horiek bere egitea du helburu. Jomuga horrekin eman genuen lehen pausoa iazko maiatzean, atari digital berria egitea. Euskararen egunean urrats bat egin genuen aurrera, euskalgintzaren eta euskararen normalizazioaren alde, eta webguneari .eus domeinua jarri genion.

Apustu handia izan zen atari berria egitea, baina irmo jarraitzen dugu hartutako erabakian. Egungo joeretara moldatu beharra daukagu, euskaratik eta euskaraz. Tendentziak dakartzan eskariei erantzuteko konpromisoa sentitzen dugu, horregatik edukia gehitu eta zerbitzua zabaldu dugu. Hemendik aurrera, webgunean ATALAK izeneko leihoa egongo da.

 

 

Leiho horretan papereko edukia egongo da, hainbat sailetan banatuta: iritziak, elkarrizketak, erreportajeak, gutunak eta kritikak. Horiez gain, eduki gehiago ere egongo da ATALAK leihoan: gehigarriak eta gomendioak.

 

 

Hilero-hilero, paperekoa postontzian jaso ostean, Karkarako webgunera igoko ditugu edukiak, partekatzeko aukera zabalduz. Gehigarrietan Karkarako ohiko aleez gain kaleratzen ditugun aleak jarriko ditugu: festa programak, Kilometroetako berezia, Arraun denboraldiaren bilduma...

Gomendioetan lau alorretako –musika, literatura, gastronomia eta zinema– proposamenak egingo ditugu, hilabetero. Hileko lehen ostiralean musika talde baten edo disko baten gomendioa egingo dizuegu; bigarren ostiralean, liburu bat gomendatuko dizuegu; hirugarrenean, errezeta bat jarriko dugu; eta, azkenengo ostiralean, film bat proposatuko dugu. Horrela, astero-astero, proposamen bat izango duzue. Adibidez:

Teknologiaren olatuan surfean aritzea da gure erronka. Olatuak harrapatu ordez, azken tendentziak onerako erabiltzea. Apustu hori egin genuen duela ia urtebete, Karkara.eus erabilgarri, arin baina aldi berean landua egiten.

Herritik eta herriarentzat sortutako proiektua izanik, herritarren parte hartzea ere bilatzen genuen iaz; eta, aurten, asmo hori azpimarratzen dugu. Oriotarrak eta aiarrak osatzen dugun komunitatea da Karkara, horregatik egin genuen Karkara.eus atarian komunitatea jartzearen alde. Zuek duzue hitza leiho horretan, zuek duzue ahotsa.

Oraingo honetan beste urrats bat egin dugu aurrera, baina, ez dugu azkena izatea nahi. Pausoka-pausoka aurrera joan nahi dugu. Elkarrekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide