
Pilota dantzan eta dantzaria pilotan. Mezua, pilotaren izana eta esanahaia; modua, bertsoa, musika eta dantza. Hitza, tarteka, hizpide. Kantua, noizbehinka, bide.
Bi bertsolariren bat-bateko elkarrizketa, Xabier Sukia eta Mixel Etxekoparen artekoa. Musika inprobisatua, barne borroka dantzatua. Emanaldi garaikide ausart bezain ederra.
Kulturaren etxea adineko kulturetaz betea. Hala beharrez joandako nerabe bat, lau bat gazte eta anitz heldu. Guztira, 95 ikusle inguru; horietatik 80 mende erdia betetakoak. Eta gazteak, non daude gazte-oriotarrak?
Kulturaren sokari-tiraka jarraituko duten gazte sortzaileak behar ditu Euskal Herriak eta kontsumituko duten gazte kulturzaleak.
Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe? galdetu zuten lerro artean. Eta zer litzateke euskal-kultura ikusle gabe? galdetzen du nire honetan.