Bi begiekin idatzi du liburua Iñaki Iturainek; biak zabal-zabalik dituela egin du idazketa-prozesua, bat itxi ezkero, errealitatearen parte bat besterik ez baitzuen ikusiko. Jasotakoa paperera ekarri du, gardentasunez eta zuhurtziaz.
Zentsurak ez du tokirik izan oriotarraren liburuan; behin gerra bezalako gai gordin bat eskuartean hartuta, guztia kontatzea ezinbestekoa iruditu zaio. Hori egiten ahalegindu da: jaso ahala zintzotasunez idazten.
Liburua informatiboa da oso, ondorio propioak jartzeari ez dio tokirik utzi. Zabalik laga ditu interpretaziorako ateak; irakurleak bere ideologia eta gaiaren ezagutzaren arabera ondoriozta dezala nahi duena.
Duela 20 bat urte hasi zen guztia
Etxean beti entzun ditu gerrako kontuak, bere aita zena gerran ibili baitzen. Txikitatik kateatuta eduki duen gaia da, erakartzen duena.
Gerrari buruz idazteko lehen saiakera duela 20 urte inguru egin zuen, Jakes Goikoetxearekin batera Karkaran idatzitako erreportaje batean. Hura izan zen gerraren kontakizuneko lehen urratsa. Orduan hasitako bideak ez du etenik izan geroztik; hamaika istorio entzun eta irakurri ditu eta guztiak gorde, bai buruan, baita paperean ere.
Duela hiru urte emakume bat joan zitzaion, bere historia kontatzera. Gerra bukatu berritan, haurra zela, ihes egin zuten Frantziara, aita han zegoelako, itzuli ezinik. Emakumea han hazi eta hezia da, eta haren ondorenekoak ere bai; Iturainek istorio hura idaztea nahi zuen, ingurukoei azaltzeko zergatik diren frantses eta euskaldun.
Istorio hori entzundakoan erabaki zuen liburua idaztea, horrelako beste hamaika kontu baitzeuden azaltzeko. Duela hogei urte hasitako lanaren fruitua da urriaren 16an aurkeztu zuen liburua.
Hiru hanka dituen liburua
Duela hiru urtetik hona bizipen asko entzundakoa da: istorio gogorrak, tristeak, hunkigarriak… Liburua egiteko oinarri nagusia izan da jendeari entzundakoa, herritarren testigantzak, baina ez da bakarra izan.
Beste bi hanka ere izan ditu: artxiboak eta hemeroteka. Informazio eta agiri asko bilatu ditu artxiboetan, Orion, Aian eta Zarautzen. Hemerotekako liburuak, aldizkariak eta prentsa ere baliagarriak izan zaizkio.
Emakume haren istorioa entzun zuenetik dokumentazio lan handia egin du, baina idazketa-prozesua ez du alboratu. Bateratsu joan dira biak: jaso ahala idazten joan da, forma ematen, istorio guztiak lotzen dituen hariarekin josten.
Bakoitzaren gerra propioa, etxekoa
Gerra galdu zutenek gogo berezia izan dute bizi izandakoa kontatzeko. Galtzaileen senideek gerraren porrota pairatzeaz gain, geroko ixiltasuna ere jasan zuten. Ezkutuan egon behar izan dute, ez dute hileta-elizkizunik izan ezta barrua askatzeko aukerarik ere. Liburuaren aukera baliatu dute ixilpean zutena esateko.
Beste batzuentzat, ordea, gai tabua da gerra. Oraindik ez dute horri buruz hitz egin nahi izan, aipatze hutsak ikara ematen die. Duela 78 urte ikusi, sentitu eta bizi izandakoa gogorra behar du izan, oraindik barruan beldurra sentitzeko.
Lekukotasun ezberdinak entzun ditu idazleak: argia ikusi nahi zuten bizipenak eta oraindik itzalpean jarraitu nahi dutenak. Galtzailearen eta irabazlearen rolean jarri da Iturain, eta ondorio argi bat atera du: guduetan ez dago irabazlerik, denak dira galtzaile, eta, batez ere, gerra bakoitzak bere baitan bizi duen tragedia da.
Zorigaiztoko zenbakiak
2.000 biztanleko arrantzale eta baserritar giroko herri txikia zen Orio 1936an. Lan eta diru gutxi, eta krisi handi xamarra bizi zuten, eta tentsio egoera. Horren erakusgarri da urte hartan bost alkate izatea herrian.
Zubi bat bota zuten gerra hasi eta bi hilabetera. Oriotar guztiek oroimenean gordetako datua da hori. Baina ez zen bat izan, bi baizik: trenbideko zubia ere bolatu zuten.
Nazionalak herrian sartu eta 3 neska gazte zigortu zituzten: kaskamotz utzi, olioa edanarazi eta kalean ibili zituzten gora eta behera, jendaurrean barregarri utzi nahian.
Gerrak 22 oriotar hildako utzi zituen. Ia denak frontean, gehienak Ebroko guduan. Izan ere, 18-19 urteko gazteak eraman zituen Francoren armadak eta, hortaz, irabazleen aldekoak dira hildako gehienak. Frontetik kanpo, 3 hildako izan ziren. Jose Maria Carmona gorriek hil zuten, Ondarretako kartzelatik aterata. Teodoro Mitxelena falangistek hil zuten, etxetik atera, Getariko kanposantura eraman eta han tirokatuta. Felipe Aierbe mikeletea ere tiroz hil zuten Bilbon.
Etxean istripuz hildako bat ere izan zen: anaiak gerratik ekarritako granada hartu eta eskuetan lehertuta.
Oharkabean etorri zenari aurre egiten
Uztailaren 17an Orion inork ez zuen pentsatuko biharamunean gerran egongo zirenik. Eguneroko bizimodu arrunta zuen herrian, gerra lehertu, tsunami baten moduan etorri eta herria bitan banatu zuen. Ekaitza barru-barruraino sartu zen eta ubera utzi zuen.
Gerra ostean, botereak ezarritako errepresioa nagusitu zen. Gobernuak eta Elizak beren ideologiaren pean hartu zuten herria. Hala ere, herritarrek jakin zuten, elkarren errespetuz, gerra atzean utzi eta elkarbizitza eraikitzen, mendekurik gabe. Oriok erantzun baikorra eman zion gerraren izugarrikeria hari. Garai gogorrak izan ziren. Erbesteratutakoak eta hildakoak, hamaika; sufritu zutenak, asko; eta galtzaileak, denak. Hori dena jaso du Iñakik 1936ko gerraren ubera Orion – Gerra bat barruan degula liburuan.