Ebolaren atzean zer dago?

Iñigo Exposito 2014ko urr. 29a, 16:39

Azken asteetako trending topic bilakatu da ebola. Hedabide guztietan hitz egiten da gaixotasun famatu horretaz, edo agian orain egin dute famatu? Hedabide guztiak informazioa bidali eta bidali ari dira horren inguruan, baina input horien kalitatea eskasa izaten ari da.  Zer ote dago hori guztiaren atzetik?

Zerbait bai eta hori begi bistakoa da. Datu estatistikoen arabera, Afrikan, milaka pertsona hiltzen dira urtean birus hori pairatu ostean. Baina Mendebaldeko pertsona batek positibo eman arte ez gaitu arduratu gaixotasun horrek. Jada, ordea, berandu da, gaitz horrek aspalditik daramatzalako gizabanakoak heriotzara. Mendebaldekoek, ordea, gauza guztiekin egiten dugun moduan urruti ikusten genuen. Askok, gainera, ez zuten gaixotasunaren berri. Uste dugu oso urrun ditugula arazoak eta errealitatean oso gertu daude. Begien aurrean ditugun lenteak itsu bilakatzen gaituzte.

Horrez gain, komunikabideak, fikziozko film txarretan aurki genitzakeen irudien bila dabiltza, irudi sentsazionalistenaren saria nork lortuko duenaren lehian. Dirudienez, hedabide batzuk ez dira ohartzen errealitatea erakusten duten bitartekariak direla eta beraiek zer nolako eragina duten gizartean. Hegaztien gripearekin egin zuten moduan, iritzi publikoa manipulatu nahian dabiltza, guzti horrek ekarriko dituen ondorioekin. Baina zalantzarik ez dago betikoak izango direla garaile, eta, betiko legez merezi ez duena aterako dela galtzaile. Horren aurrean ez dugu erreakzionatuko eta egoerak modu berean jarraituko du.
Bestalde, begi bistakoa da, gobernarientzat aukera ezin hobea bilakatu dela, izan ere, denboraldi baterako herritarren iritzi publikoa beste norabide batean jarrita egongo da. Non gelditu dira orain etxe kanporaketak, Barcenasen lapurretak edota Urdangarinen kasuak? Iritzi publikoak ahaztu ditu jada. Iritzi publikoa guk uste baino gehiago manipulatzen dute eta horretarako dagoen antidoto bakarra ardi izateari uztea da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide