Hogeita lau urte pasa dira Rosaura Bravo –Orio, 1962– lehen aldiz josteko makinaren aurrean jarri zenetik. Etxeko beharretatik hasi zena pasio bihurtu da denborarekin.
Nola hasi zinen josten?
Seme gazteaz haurdun nengoenean hasi nintzen josten. Ama jostuna zen eta umearentzako arropak egiten ari zen. Baina gaixotu egin zen eta nik amaitu behar izan nituen arropa horiek. Horrela hasi nintzen josten, ordura arte ez nuen josteko makinarik sekula erabili. Pixkanaka geroz eta gehiago josten nuen...
Zure lanbide bihurtu arte
Bai. Nik berez administrazioa ikasi nuen, ez nuen joskuntzarekin zerikusia duen ezer ikasi. Baina jostea askoz gehiago gustatzen zait bestea baino. Batzuei eta besteei gauzak egiten nizkien, eta azkenean, ingurukoek kanporako gauzak egitera animatu ninduen.
Baserritar jantziak egiteagatik ezagutzen zaituzte askok. Nola hasi zinen horretan?
Semeak eta lagunen seme-alabak euskal dantzan hasi ziren. Garai hartan hasi zen jantzi berri hauek egiteko moda, eta lagun bat, bere ama eta hirurok Errenteriara joan ginen Ramon Garcia jostunaren tailerra ikustera. Bera izan zen jantzi mota hau berriz egiten lehenengotarikoa. Han ikusitako jantziak asko gustatu zitzaizkigunk, patroiak eskatu genion eta horrela egin genituen lehen jantziak. Jendeari gustatu egin zitzaizkion eta ingurukoak ere eskatzen hasi ziren. Bati eta besteei, eginaren eginaz, etxeko behar bat bezala hasi zena denda batean amaitu zen. Urte asko egon nintzen dendarekin.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen jantziak ere egiten dituzu.
Baserritar jantzien dendarekin nengoela, beraiek etorri ziren nigana. Donostiako denda batentzat egiten nituen jantziak eta bertan galdetu omen zuten jostunik ezagutzen ote zuten, eta nigana bidali zituzten. Nik orduan ez nituen ezagutzen, ez nekien zein ziren Pirritx eta Porrotx.
Berek pertsonalki etorri ziren, jantziak egingo zizkien norbaiten bila ari zirela eta proba bat egitea proposatu zidaten. Gustatu egin zitzaien egin nuena eta aurrera jarraitu genuen. Gaur arte.
Zenbat urte daramatzazu horrekin?
Hamalau urte inguru, asko. Urtero egiten diet jantzi berria, ikuskizunaren gaia ere aldatu egiten baitute.
Aurtengo gaia San Juan baleontzia da, nola islatu duzu jantzietan?
Hasieran zaila izan zen, marinelak nola egin ez nekien ongi. Mahoizko ehunekin egiteko eskatu zidaten, baina pailazoentzako jantziak direla kontuan izanda, kolore asko sartu nituen. Arrantzaleek erabiltzen zituzten gauzak –sarea eta itsasontzietako kortxo txikiak– erabili ditut, eta koloretako arrain eta sokak jarri dizkiet pailazoak behar duten puntu hori emateko.
Zein lan-dinamika duzue jantziak egiterakoan?
Mertxerekin –Marimotots– dut harreman gehien, bera baita jantzien arduraduna. Hiru pailazoen jantziek beti oinarri bera dute: Pirritxek soinekoa, Marimototsek gona eta kamiseta edo txalekoa, eta Porrotxek galtzak eta alkandora eramaten dituzte, guztiak gaiari moldatuta.
Beraiek gaia ematen didate, eta batzuetan koloreren bat nahi dutela esaten didate. Gero, nire lana erabat librea da eta bukatzen dudan arte ez dute ikusten. Dudaren bat badut beraiekin hitz egiten dut, baina normalean ez dira probatzera etortzen, beren neurriak eta patroiak baditut-eta.
Gustura geratzen dira?
Bai, oso gustura. Aurtengoa da jantzirik politena, esaten didate. Baina urtero berdina diote. Behin esan nien jubilatu egingo nintzela, baina esan zidaten ezetz, Joxe Mari –Porrotx– jubilatzen denean hartuko dugula guztiok erretiroa. Niri ere asko gustatzen zait egiten dudana, sormena martxan jartzen dut eta oso lan polita da.
Nola bizi duzu jostunaren lana?
Nik ez dut neure burua jostuntzat hartzen, hara! Nire gorputzak josteko eskatzen dit, asko gustatzen zait, eta horregatik josten dut. Hamabost egun pasatzen baditut ezer egin gabe beharra nabaritzen dut. Ez da nire eguneroko lana, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago josten dut.