Lars Bergner: "Berlingo harresiaren arrastoak egun ere badaude"

Karkara 2014ko aza. 28a, 12:54

Han bertan egon arren, distantziatik bizi zuen Bergnerrek mundu bananduaren ikur bihurtu zen harresiaren afera. Milaka kilometrora dago orain, eta gertu sentitzen du gertatutako hura.

Altenburgen jaio zen, 1969an. Bigarren mundu gerra amaitu eta gero, bitan banaturiko Alemania hartan, ekialdeko errepublikan zegoen Bergnerren jaioterria. Alemania 1989an batu zen, duela 25 urte hasi baitzen harresiaren erorketa.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?

Unibertsitate ikasketak amaitu nituenean . Lanean hasi baino lehen praktika batzuk egin nahi nituen, zerbait desberdina,  eta gaztelania ikasten ari nintzenez, Donostiara etortzeko aukera izan nuen. Urte erdiko kontua zen, hasiera batean.

Eta Donostiatik Oriora?

Egungo nire neska ezagutu nuen eta Orion etxebizitza erosteko aukera suertatu zitzaigulako etorri ginen hona.

Desberdintasun handiak daude Alemaniako eta Orioko bizimoduaren artean?

Ni herri txiki batean hazi nintzen, beraz, ohituta nago herriko bizitzara. Dena den, eguneroko bizitzan badira desberdintasunak; hemen, kalean bizitza gehiago egiten da. Gaztelania ikasi izana hona etortzeko arrazoietako bat izan zen, eta hemen euskaraz egiten da. Euskal Herrian urte bete egin nuenean euskara ikasten hasi nintzen, lanean euskaraz hitz egiten baitzuten.

Oso zaila dela diote...

Niri zailena hiztegia egiten zait; gramatika ez, ordea. Logika dauka niretzat, hortaz, formula ikastea bezalakoa da.

Izaten dituzu harremanak euskaraz?

Kalean, batez ere haurrekin parkean nagoenean. Gutxi hitz egiten dut; baina ulertu, guztia entenditzen dut.

25 urte bete dira harresia erori zenetik. Nola gogoratzen duzu hori?

Soldadutza egiten nenbilen, baina fronterako tropekin ez nuen zerikusirik. Harresia bota aurreko eta ondorengo urteetan egon nintzen; urte bakoitzean armada batean. Hogei urte nituen garai hartan  eta ez nuen interes berezirik gertatzen zenaz. Informazioa murritza zen, beraz, ez genekien ezer askorik. Gaur egun kontzienteagoa naiz zuzenean bizi nuenean baino.

Harresia bota zuteneko momentuak gogoan al dituzu?

Gogoan dut aurreko egunetan mugimendu handiagoa zegoela. Azaroaren 9ko gauean zaintza zerbitzua genuen eta gure eraikinak Berlin ekialdera zihoan kale nagusira  ematen zuen. Muga zeharkatzen jende pila zebilen.

Harresi hark bi mundu banatzen omen zituen...

Beste  aldeko bizia ez nuen apenas ezagutzen, telebistan ikusten nuena, besterik ez.

Gaur egun banaketa horren arrastoak ba al daude?

Lehen drastikoagoak ziren arren, egun ere badaude. Desberdintasunak nabari dira  bai gizartean,  arkitekturan edo kulturan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide