Euskaraz bizi-bizi

Biharko Orio euskalduna pentsatzen

Karkara 2014ko aza. 28a, 12:50

Orioko Udaleko Euskara batzordeak gogoeta egin du urrian eta azaroan, biharko Orio euskaldunari buruz. Alde batetik, datozen lau urteetarako plan estrategikoa landu du bilera irekietan eta, bestetik, jardunaldia antolatu du.

Aldian behin, komeni izaten da eguneroko martxa pixka bat geratu eta denbora-tarte bat hartzea inguruari erreparatzeko: atzera begiratu eta egindakoa aztertu, batetik; eta, bestetik, aurrera begira jarri eta bidea nondik nora egin nahi dugun pentsatu. Horixe egin dugu, urrian eta azaroan, euskalgintzan gabiltzan Udaleko eta herriko eragileek.

2014-2017 plan estrategikoa

Euskararen alorrean datozen urteotan Udalak zer egin nahi duen zehazten du plan estrategikoak: zein helburu bete nahi dituen, zein lehentasun jarriko dituen, zein ekintza aurreikusten dituen helburu eta lehentasun horiek betetzeko…

Udaleko Euskara Zerbitzuak landutako zirriborro batean oinarrituta, Orioko euskalgintzako eragileek 2014-2017 aldirako plan estrategikoaren dokumentua osatu zuten urrian egindako bi bilera irekitan. Dokumentuak honako hau biltzen du:

•Euskarak Orion gaur egun duen egoeraren diagnosi orokorra eta alorrez alorrekoa, ahulguneak eta indarguneak seinalatuz.
• Datozen lau urteetarako lehentasunak, alorrez alor.
• Datozen lau urteetarako ekintzen proposamena.

Dokumentu hori, ondoren, Euskara batzordeak aztertu du eta aho batez onartu du. Hortaz, hurrengo pausoa udalbatzarrak onartzea eta indarrean jartzea izango da. Behin onartuta dagoenean, dokumentua herritarren eskura izango da udalaren webgunean eta, horrez gain, hainbat kopia banatuko dira herriko elkarte eta taldeen artean.

Euskaraz bizi-bizi jardunaldia

Azaroan Euskaraz bizi-bizi jardunaldia antolatu du Udaleko Euskara batzordeak, herritarren kontzientzia linguistikoan eragiteko egitasmoaren barruan. Jardunaldiaren bidez, herriko euskaldunak nola aktibatu aztertu nahi izan du Udalak eta, bide batez, gogoeta egin biharko Orio euskaldunaz eta horra iristeko bideaz.

Udalak bi urte daramatza Euskaraz bizi-bizi egitasmoa bultzatzen, honako helburu nagusiarekin: oriotarren kontzientzia linguistikoan eragitea, euskaraz bizitzeko aukera egin dezaten.  Ahalegin horren barruan antolatu du jardunaldia Euskara batzordeak eta hainbat hitzaldi eta mahai-inguru izan dira Salatxo aretoan zein Kultur Etxean.

2011ko jardunaldia: Orio. Euskarazko arnasgunea sendotu

Ez da aurreneko aldia Orion horrelako jardunaldi bat antolatzen dena: 2011ko otsailean Orio. Euskarazko arnasgunea sendotu jardunaldia antolatu zuen Euskara batzordeak kultur etxean. Jardunaldi haren ondorio nagusietako bat izan zen nahitaezkoa dugula, gaur egungo Orion, herritarren kontzientzia linguistikoan eragitea, euskaraz bizitzeko hautu kontzientea egin dezaten. Bide horretan sakontzeko antolatu du Euskara batzordeak aurtengo jardunaldia.

Pello Jauregiren hitzaldi emankorra

Pello Jauregiren hitzaldiak ireki zuen Euskaraz bizi-bizi jardunaldia eta oso interesgarria gertatu zen, ikuspegi desberdin bat eman zuelako euskararen erabilera sustatzeko prozesuei buruz. Pelloren gogoetak ez ziren ezagunak han bildutako askorentzat eta oso hitzaldi emankorra izan zen, besteak beste ekintzarako bide berriak seinalatu zituelako.

Hitzaldian metodologia bat proposatu zuen Pello Jauregik, talde naturaletan –koadrila, kirol elkarte, administrazio…– euskararen erabilera sustatzeko. Bertan geundenak segituan hasi ginen imajinatzen Orioko zein taldetan aplika daitekeen metodologia hori eta proposamenak ez ziren falta.

Metodologia: euskara erabiltzeko neurri adostuak

Jendea, normalean egokitu egiten da bere ingurura. Hori da gehien-gehienok egiten duguna, joera naturala. Gaztelaniaz eta euskaraz, bietara baldin badakigu, inguruaren arabera arituko gara hizkuntza batean ala bestean: gure inguruan denek gaztelaniaz egiten badute, guk ere hala egingo dugu; denek euskaraz egiten badute, guk ere berdin.

Nola erabili guztiok daukagun egokitzeko joera hori euskararen alde? Nola erabili hizkuntza portaerak aldatzeko? Galdera horri erantzuteko, hainbat esperientzia bideratu ditu Pello Jauregik, euskalgintzako beste eragile batzuekin elkarlanean eta emaitzak oso interesgarriak dira. Funtsean, esperientzia horietan erabili den metodologia hau da:

•Talde natural batean –izan daiteke lantegi bat, koadrila bat, kirol elkarte bat…– planteatzen da ea taldea prest dagoen euskararen erabilera zabaltzeko proiektu batean parte hartzeko, epe mugatu batean –esan dezagun, bi hilabete–. Baldintza ezinbestekoa da taldeko guztiek ulertu behar dutela euskara, nahiz hitz egiteko zailtasunak izan.
• Prest badaude, beren artean aukeratzen dituzte 2 edo 3 lagun –taldearen tamainaren arabera, gehiago izan daitezke–, bi hilabetez taldeko guztiekin euskara hutsean arituko direnak. Taldeak erabakitzen du, bozketaz, zein izango diren 2-3 lagun horiek.
• Aukeratutako lagun horiek beti egingo diete euskaraz taldekideei eta taldekideek, berriz, nahi dutena egingo dute: nahi duenak euskaraz erantzungo du, nahi duenak gaztelaniaz… libre.
Garrantzizkoa da, diseinu horretan, taldeko edozein izan daitekeela –euskaldun hutsaren– papera egingo duena –EUSLE esaten dio pertsona horri Pello Jauregik–, ez du zertan 'euskaltzaleena' izan. Pertsona horrek taldearen erabakiaren ondorioz egiten du beti euskaraz; hau da, taldearen babes osoa dauka horrela jokatzeko, taldeak jarri du zeregin horretan, eta, beraz, lasai arraio jardun daiteke, inolako karga pertsonalik hartu gabe. Inportantea da hori. Taldeak jarri du horretara eta horrek legitimitate handia ematen dio, eta karga arindu. Metodologia horren bidez, funtsean, egin duguna hau da: hizkuntza-arau bat sortu dugu eta horri babes soziala eman diogu, gatazkak saihesteko.
Hortik aurrera, beti gertatzen dena gertatuko da: taldekideak egoera berrira egokituko dira. Pertsona bat edo talde bat euskaraz funtzionatzen hasten bada, inguruko jendea horretara egokituko da. Alegia, ez dira pasako euskaraz egitera bat-batean sekulako motibazioa sortu zaielako, baizik-eta, modu naturalean, egoera normala hori bihurtu delako. Inguru horretan euskaraz egiten bada, berak egokitu egingo dira. Beste(ar)en erabilera izango dute akuilu.

Orion aplikatzea aztergai

Udaleko ordezkariek potentzialitate handia ikusi diote metodologia honi eta dagoeneko ari dira aztertzen zein talde eta testuingurutan aplika daitekeen Orion. Datorren urtearen hasieran Pello Jauregirekin biltzekotan dira, neurri adostuen metodologia hori Orion non aplika daitekeen aztertzeko eta esku-hartze programa bat –edo batzuk– diseinatzeko.

Erakusketa eta mahai-inguruak

Jardunaldiaren barruan, Euskara, ospeletik eguterara erakusketa ere izan dugu Orion eta, haren inauguraziorako, Dabid Anaut etorri zen, euskarak historikoki jasan duen zapalkuntzari buruz hitz egitera.
Horrez gain, hiru mahai-inguru ere izan dira: bata Hiztunak nola aktibatu? galderari erantzuteko, Jaurlaritzako, Aldundiko eta Gabiriako Udaleko ordezkariekin; bestea, Nola ikusten gaituzte arnasguneetakoak ez diren euskaldunek? galderaren inguruan, Fredi Paia, Maite Inda eta Asier Lafuenterekin; eta azkena, joan den asteazkenean, herriko eragileekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide