Joxe Mari Etxeberria: "Gogoa beti izan dut; emaztearen animoei esker eman nuen pausoa"

Karkara 2014ko aza. 28a, 12:19

Frontoi askotan izandakoa da Joxe Mari Etxeberria. Harmailetatik pilota ikustea asko gustatzen zaion arren, beste ikuspuntu batetik bizi du kirol hori duela bost urtetik hona. Pilota epailea da.

 

Aitak sartu zion pilotaren harra. Ordutik sugarra hauspotu egin da, zaletasuna handitu.  Duela bost urtetik jo eta su dabil epaile lanetan; afizionatuetan, baita txapelketako partidatan ere.

Pilotazalea izango zara betidanik.

Aitari asko gustatzen zitzaion, eta anaia eta bion afizioa ere bada. Gaztetan herri mailan ibiltzen nintzen.

Pilotalekuetan ibilitakoa.

Familian joaten ginen, bai.

Harmailetan egotetik epaile lanetara. Noiz eta nola?

Orain dela bost urteko kontua da. Gogoa beti izan dut, baina hiru seme dauzkat eta emaztea ez da pilotazalea. Berak animatu ninduen, eta proposamen horri nola esan, bada, ezetz! Segituan joan nintzen izena ematera.

Zein dira eman beharreko pausoak?

Gipuzkoako federazioak eta epaileen federazioak, elkarrekin, ikastaro bat eskaintzen dute. Behin ikasi beharrekoak ikasita azterketa bat egiten duzu. Gaindituz gero herri mailako epaile bihurtzen zara; epaile profesionala izateko beste azterketa bat egin behar da Euskadiko federazioan.

Zenbat denbora behar izan duzu batetik bestera pasatzeko?

Bi hilabete.

Beti pilotaleku berean egoten al zara?

Gipuzkoa mailan ibiltzen gara. Koordinatzaile bat daukagu eta berak galdetzen digu ea libre daukagun; ezin badugu, ez dago arazorik. Borondatezkoa da.

Guztiz boluntarioa?

Guztiz. Lana da niretzat,  borondatez egiten dudan lana.

Dena den, izango da berezia egiten zaizun pilotalekuren bat.

Bereziki gustatzen zaidana Eibarko Astelena pilotalekua da, bai epaile lanetarako, baita harmailetan egoteko ere.

Ez da paper erraza epailearena, askotan bata edo bestea kontra izaten duzue.

Beti dago gure aurka dagoen norbait. Pilotariek, gehienetan, errespetatu egiten gaituzte. Atzean ditugun asko eta asko apustu zaleak dira eta berek nahi dutena ikusten dute. Horiek egiten dute oihu gehien. Guk ahal duguna ikusten dugu.

Apustu asko egiten da oraindik?

Lehengo aldean gutxi, krisiarekin  asko jaitsi da. Nik ez dut sekula apusturik egin, hortaz, ez dakit zer preziotan ibiltzen diren.

Ikasi egiten da ez entzunarena egiten?

Aurka egiteak ez du ezertarako ere balio, afizioz gabiltza eta liskarrak edukitzeak ez digu ezer onik ekarriko. Hobe da pazientzia izatea, isiltzea, eta partidarekin aurrera jarraitzea.

Halere, ez da erraza izango.

Gogorra da, baina zu ahalik eta lan hoberena egitera zoaz. Akatsak guztiok egiten ditugu. Hanka sartzen dugunean, partida amaitu bezain pronto barkamena eskatzen dugu eta kito.

Bost urte daramatzazu honetan, gustura zabiltzan seinale.

Oso gustura. 75 epailetatik zazpi gara txapelketako partidak egiten ditugunak. Horien artean egoteak asko pozten nau; ohore bat da niretzat. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide