Ana Martin: "Pelikula batean hainbeste lore egoteak eragina izan du loregintzan"

Karkara 2014ko abe. 29a, 11:46

Lorezain eta lore-saltzaile familia batetik dator, eta denda dauka Donostian. Bera ezagutu ez arren, bere lana askok ezagutuko zuten, Loreak filmeko sortak bereak baitira.

Lore artean pasa du bizitza Ana Martinek –Usurbil, 1972-, loreak ditu ofizio, eta loreak protagonista dituen film baten bidez bere lana Euskal Herri osoak ikusi du.

Zergatik loregintza?

Familiagatik. Nire familiak lorategia du eta handik dator nire lana. Aitona lorezaina zen; hainbat lorategi zaintzen zituen eta Bretxako merkatuan loreak saltzen hasi zen, lehenetarikoa izan zen bera. Ikasketak amaitu nituenean hasi nintzen laguntzen ni, eta lore-diseinua ikasi nuen azkenean. Orain denda bat daukagu Donostian, Gureak enpresarena. Nik denda hori koordinatzen dut.

Loreek asko espresatu dezaketela uste duzu?

Bai, noski. Usaimenarekin eta ikusmenarekin asko esan dezakete, adibidez. Gainera loreak oparitu egiten dira: jaiotzetan, urtebetetzeetan, urteurrenetan, amaren egunean... horrek zerbait esan nahi du, transmititu egiten du.  Loreak jaiotzatik hil arte erabiltzen dira, eta baita hil ondoren ere. Beti inguruan ditugu loreak. Eta, azkenean denoi gustatzen zaigu loreak ikustea.

Nola sortu zitzaizun Loreak filmean parte hartzeko aukera?

Nire bezero batek ekoiztetxean egiten zuen lana, eta dendara etorri zen. Esan zidan pelikula baterako loreak behar zituela eta erakusgai bat egiteko eskatu zidan.

Nola izan zen lan prozesua?

Proposamenak egin nizkion, gustatu egin zitzaizkien eta aukeraketa bat egon zen. Laurogei lore-sorta inguru egin genituen pelikularako. Istorioa ez da gaur egun kokatzen, hamarkada bat lehenago hasten da. Garai hartara egokitu behar izan genituen sortak, orduan erabiltzen ziren lore eta paperetara. Bestalde, inoiz egin ez nuen gauza bat egin behar izan genuen: lore-sorta ustelak egin behar genituen. Ur berotan jarri, azkarrago heltzeko likidoa bota, hozkailutik atera eta berogailua igo... Erronka izan zen, lore horiek zimelak egon behar zuten baina ezin zuten erori.

Orain arte pelikulatan loreak apaingarri hutsak  ziren, oraingo honetan, berriz, protagonista bihurtu dira.

Pelikula honetan bai, pertsonaia bat gehiago izan dira. Loreak eskatu zizkidatenean eta sortak egin nituenean ez nekien zenbaterainoko garrantzia izango zuten. Ni ez nintzen grabaketan lanean egoten, lore-sortak egiten nituen eta eraman egiten zituzten. Azkenean protagonismo handia hartu dute, bai.
Zinemaldian ere Donostiako lore dendek protagonismo handia izan zuten. Pelikula batean hainbeste lore egoteak eragin handia izan zuen.

Loreak, loreak besterik ez direla dio filmak. Hori hala da?

Ez, niretzako askoz gehiago da. Norbaiti loreak oparitzen dizkiozunean bizia duen zerbait oparitzen ari zara, denboran transformazio bat jasaten dute eta zuk hori ikusi egiten duzu.

Loreak oparitzeko ohitura jaitsi egin al da?

Ohiturak jarraitzen du, baina aurrekontu txikiagoarekin. Hala ere, ez da Europako beste lekuetan bezala. Urrutira joan gabe, Iparraldean lore-dendara joaten dira astean behin, eta lore-sorta bat eramaten dute etxera. Europan loreak erosteko ohitura handia dago.

Nork oparitzen du lore gehien?

Oparitzen dira, baina askok norberarentzat erosten ditu loreak. Gure bezero asko 30-50 urte arteko gizonezkoak dira Antiguan dugun dendan. Usurbilen denda nuenean, berriz, adineko emakumeak ziren bezero gehienak, eta mutil gazteak urtean behin azaltzen ziren, San Valentin egunean. Donostiara joan nintzenean ezagutu nituen egunerokotasunean loreak kontsumitzen zituzten bezeroak. Dena den, askotan emakumeentzat izaten dira loreak, eta gizonezkoentzako denean zerbait maskulinoa eskatzen dute. Nik ez dakit lore maskulino eta femeninoak zein diren.

Nola jakin pertsona, momentu edo mezu bakoitzerako lore egokia zein den?

Askotan berei galdetzen diegu loreak jasoko dituen pertsonari buruz: zein kolore janzten dituen, zein estilotako pertsona den, zertarako diren loreak... eta zer esan nahi diozun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide