Eskutitzetan idatzitako helbideak dira abenduaren 24ean Olentzero eta Mari Domingirentzat ipar-orratz. Etxez etxe gutunetan eskatutakoa zuhaitz azpian uztera. Bezperatan, lanez lepo dabiltza, zakua ikatzez eta opariz betetzen. Oparia urtean zehar txintxoa izan denarentzat; eta, ikatza, gaizki portatu denarentzat.
Gabonak ate joka daude. Hasi zaizkizue eskutitzak iristen?
Olentzero: Dagoeneko hasi zaizkigu gutunak pilatzen. Zabaldu ditugu asko eta asko, eta ikusi dugu eskatutako ia guztia materiala dela. Sentimenduei eta bihotzeko kontuei dagokien eskaerak ez zaizkigu apenas iritsi.
Mari Domingi: Horrelako gehiago jaso nahiko genituzke, egia esan.
Eskaerak gero eta materialistagoak dira?
Mari Domingi: Zoritxarrez, bai. Kontsumoak indar handia hartu du gure kaleetan.
Olentzero: Gure festan horrekin hautsi nahi dugu. Beste itxura bateko festa egingo dugu Orion, xumeagoa.
Mari Domingi: Jostailu asko edukitzeak ez zaitu zoriontsuago egingo; zoriontasuna beste faktore batzuen baitan dago. Horiek indartu behar ditugu.
Zuen esentzian aipatzen duzuen xumetasun hori badago.
Olentzero: Gure helburua hori da. Herrira joan eta herritik egitea festa. Herritarrak festaren parte sentitzea.
Bizarzuri eta hiru erregeekin alderatuta, gutun gutxiago jasotzen dituzue?
Olentzero: Gero eta gehiago bidaltzen dizkigute. Dena den, gure helburua ez da gainontzekoei konpetentzia egitea. Gure eredua bestelakoa da; gu, euskaldunak gara.
Mari Domingi: Kabalgatak ere jarrai dezala haurrei poztasuna eta ilusioa zabaltzen. Biontzako dago tokia, hiru erregeentzako eta guretzako.
Olentzero: Egia esan, Arkupek ekarri zigun plazara. Irudi egonkorra ematen genuen Oriora etorri ginen hasiera garaietan; umeak gugana etortzen ziren, argazkiak ateratzen genituen, eta kito. Argazkirako geundela zirudien.
Mari Domingi: Baina magikoak bagara, magia puntu bat eman nahi izan diogu gure etorrerari.
Zer lan du Olentzerok eta zer Mari Domingik?
Olentzero: ni, ofizioz, ikazkina naiz. Ikatza egiten igarotzen dut urtea. Kristo aurreko kixmiaren –jentilok jesukristori ematen diogun izena da– eta kristautasunaren arteko pertsona naiz. Ni izan nintzen lehendabizikoa esaten Jesus agertu zela.
Mari Domingi: Olentzeroren laguntzailea naiz. Kalean bizi nintzen eta Olentzerok berekin hartu ninduen. Berak etxea eta babesa eman zidan; nik, ordainetan, lagundu egiten diot, Ikazkin lanetan urtean zehar eta opariekin Gabonetan.
Eskertu egiten duzu bere laguntza, ezta Olentzero?
Olentzero: Jakina. Bestela ez nuke lana aurrera aterako.
Abenduaren 24an etortzen zarete, opariak banatzera. Gainontzeko egunak ikatza egiten igarotzen dituzue?
Olentzero: Mendia zaintzen dugu eta jendea ea ondo portatzen den kontrolatzen dugu. Erlatiboa da zintzo portatzearena, baina gu ahalik eta objektiboen epaitzen ahalegintzen gara.
Mari Domingi: Urtean zehar Oriora agertzen ez garen arren, urte guztian zehar begiak Orion jarrita izaten ditugu. Orion eta Euskal Herri osoan. Ez du balio azken bi asteetan zintzo portatzeak, egunero izan behar dugu jarrera egokia.
Opariak zergatik dira horren garrantzitsuak?
Olentzero: Zer ekarriko ote dit? Galdera horrek dakarren ilusio eta sorpresa oso polita da. Denoi gustatzen zaigu opariak jasotzea.
Mari Domingi: Halaber, askotan, sorpresa horrekin gozatu ordez eskakizun zehatz bat egiten dugu...
Eta ikatza, zergatik da opari txarra?
Olentzero: Ikazkina naizenez, ikatza txarra ez dela irizten diot, izan ere, gauza on asko ditu ikatzak: beroa ematen digu, janaria berotzen du... hau da, jakia ematen digu.
Mari Domingi: Baina, egia da, gauza txar baten moduan irudikatu dugula. Gaizki portatzen denari, ikatza.
Opariak banatzerako momentuan, zein dira zuen lehentasunak?
Olentzero: Gehiegi jasotzen dute denek, hori jakina da. Guk hanka sartzen dugu, kantitateari dagokionez hausnarketak egiten hasi beharko genuke.
Gabonak familian pasatzea garrantzitsua da?
Olentzero: Familia elkartzea beti da garrantzitsua; bai Gabonetan, bai bestela. Eguberriena data jakina da, neguko solstizioa ari gara ospatzen. Honek aitzakia ematen digu elkartzeko; izan ere, bestela, oporretan, bakoitzak bere bidea bilatzen du.
Mari Domingi: Ona eta gozoa da familiarekin elkartzea.
Zuek ere familian etortzen zarete Oriora.
Olentzero: Gurekin batera etortzen dira Mari, Basajaun, joaldunak, galtzagorriak, adar-jotzaileak, sorginak... Erdi ahaztuta genituen pertsonaiak ziren. Berekin kontaktuan jarri nintzen, eta laguntza eskatu nien. Guztiek baiezkoa eman zidaten, inolako trabarik gabe.
Mari Domingi: Bide batez, Orioko kaleetan ezezagunak ziren pertsonaiak ezagutarazi nahi genituen.
Olentzero: Mari Anbototik etortzen da, urrutitik. Honezkero bidean izango da.
Mari Domingi: Bidelagunak izango ditu, beraz, asko dira jada honantz datozenak.
Ttuntturroen deiarekin jakingo dugu iristear daudela, ezta?
Olentzero: Herriari abisua ematen die, adar-jotzaileekin batera.
Mari Domingi: Lehenak iristen, ohi bezala, galtzagorriak izango dira. Arratsaldeko 18:00etan ailegatuko dira plazara eta guretzat diren gutunak jasotzen ibiliko dira. Denbora guztian lanean egon behar dute, mugitzen, bestela desegin egiten dira. Hortaz, gutun asko eman, lan asko izan dezaten.
Olentzero: Gogoan izan ez direla gauza materialak bakarrik eskatu behar, intentzioak, gogoak, ametsak, asmoak.... ere eskatu behar direla.
Mari Domingi: Hori da, ilusioak gutun-azaletan gorde eta gu horiek oparitzen ahaleginduko gara.
Sorginak gaiztotasunarekin lotu izan ditugu.
Olentzero: San Joan gauean eta sorginak oihuka ageri dira, nahiko era bortitzean espresatzen sentitzen dutena. Baina, oro har, sorginak ez dira gaiztoak.
Mari Domingi: Sorginek jendeari laguntzen diete. Udazkenean belarrak jasotzen ibiltzen dira, neguan ukenduak eta botikak egiteko. Sor daitezken gaixotasunak sendatzeko egiten dituzte sendagaiak.
Laugarren aldia da Oriora familian etortzen zaretena.
Mari Domingi: Lehen ere hemen geunden, baina ez geunden bistan.
Olentzero: Atera egin ginen eta oso gustura sentitu garenez, ez diogu etortzeari utzi. Urtetik urtera hobeto sentitzen gara, politagoa izaten da. Nahiz eta kontatzen dugun istorioa jada ez den ezezaguna, eta sorpresaren efektua galdu dugun, jendea zain izaten dugu.
Mari Domingi: Gustura etortzen gara, eta etortzen jarraitzeko asmoa daukagu. Ondo hartu gaitu Orioko herriak, harrera ona izan dugu. Horregatik jarraitzen dugu etortzen.