Lan gutxi dago urte bukaeran gure bazterretan. Mahastietan eta herriko platanoarboletan kimatzea tokatzen da, eta baratzetan, lurrak atseden hartzeko garai da. Lurrak bezala, ordea, nekazariek... eta beste hainbatek: Kilometroak, Orioko Curriculuma, Karkaren 25.urteurrena, Txurrumuskiren jarduerak, TalaiMendiren irteerak, Mandalaren hitzaldiak, kirol elkarteen asteroko lehiak, Esperientzia eskolaren tailerrak, Euskaraz BiziBizi jardunaldiak, Gure Bazterrak kontzertuak, herri eta auzoetako festak ....Zientoka ekintza, bakoitzak berea antolatzen nahikoa lan izan dugu, eta jendea erakartzen beste hainbeste.
Antolaketa lanetan elkar ezagutu dugu, ardurak hartzen aritu gara, delegatzen, eskakeatzen ere ikusi ditugu mordoxka, elkar igurtzi gara, baita potrosoekin barrabiletaraino jarri ere, eta gauzak ondo atera direnean subidoia konpartitu dugu.
Ez dira garai onak jendea mugiarazteko, gauzak diren bezala esan behar dira. Gizartearen parte hartzea kezkatzen hasteko modukoa da. Baina, aurten, ez dago ukatzerik Oriok zer esana eman duela. Eta herritik kanpo bizi den edozeinek esango dizu Orio herri bizia dela, are gehiago, Europako herrialde batetik etortzen bada.
Eta negua bukatu bezain pronto dator erronkarik handiena, Udal hauteskundeak. Herritarrak maiz kexatzen gara politikarien interesez, txiringitoaz, eta sarritan lapurtzat jotzen ditugu denak sagar ustelak balira bezala... baina, jarduteari laga eta zein ausartuko da urratsa ematera? Orain ari dira alderdiak zerrendak osatzen... edo osatu nahian. Ez dakigu aurreko adarrak kimatu edo arbola berriak landatuko dituzten, baina seguru nago nahikoa lan izango dutela saila osatzen.
Gero, behin osatuta, beren produktuak saltzen saiatuko dira, elkarri tokia kendu nahian ibiliko dira merkatuan. Baina, Pepe Mujikak dioen modura, ez gaitzala merkatuak gu gobernatu behintzat, gobernatu dezagun guk merkatua.