Ate joka daukagun urtean, 2015ean, 50 urte beteko ditu elkarteak, eta horren harira Katxiña Txakolindegian egindako ekitaldian bildu ziren Orio Arraunketa Elkarteko taldekideak, kide ohiak eta arraunzaleak.
50 urte atzera eginda hasi zuten solasaldia. Sorrera garaiak duela 136 urte ingurukoak diren arren, lehen erreferentzia idatziak 1879 urteko Kontxako estropadakoak baitira, Orio Arraunketa Elkartea 1965ean sortu zen.
Mende erdia igaro da ordutik, eta Iñigo Gaztañazpik irudi baten bildu ditu 50 urte horiek. Mirotza eta urteurren urteak ardatz hartuta osatu du logo; ezkutuan dagoen mirotzaren siluetarekin olatuak sortu baititu. Etengabeko uhera leloak osotasuna ematen dio logoari, lemak arraun elkartearen filosofia eta arraunzaleare izaera biltzen baititu. Arraunzaletasuna ezabatzen ez den arrastoa da, azaldu zuen.
50 urteurrenean hamaika ekintza
Egungo taldekide eta taldekide ohiak bildu, eta batzordea eratu zuten. 50. urteurren honetan ekintzan antolatuko zituen taldea. Urteroko ekimenak egingo dituzte, mimo handiz, baina ekintza berriak ere izango dira.
Oria ibaiaren jaitsiera, Garagardo azoka eta San Miguel Ligako nahiz KAE Ligako estropadak. Baina, arraun elkartea sortu zeneko xedeari eutsi eta aulki mugikorrari bultzada ematea dute, aurten ere, helburu.
Horretarako, urtarrilaren 17an distantzia luzeko Euskadiko Txapelketa jokatuko da Oriako uretan. Horrez gain, apirilaren 4an, Estropada Internazionalak izango dira. Azkenezko duela bost urte antolatu ziren, 2009an. Gogo handia zuten arraun elkarteko kideek estropada hori berreskuratzeko, eta, zorionez, 16. edizioa izango da aurtengoa, aitortu du Ibon Huegunek.
Itxura berritua
Webgunea aldatu du Orio Arraun Elkarteak. Ctrl + Studio komunikazio enpresak egin dio interneteko atari berri: orio-ae.com.