Iker Torre: "Hankek ematen ez dutena urteen esperientziak ematen dizu"

Karkara 2014ko abe. 30a, 09:52

Almansako jokalaria da Iker Torre –Orio, 1982–, hirugarren mailako Albaceteko taldekoa. Etxetik urrun egon arren, gertu sentitzen ditu lagunak eta familia. Oporrak familiarekin egoteko aprobetxatzen ditu.

Batzuetan hirugarren, edo seigarren, edo lehenengo. Hori bai, beti goran. Lehen postuetan daude liga hasi zenetik eta beren xedea lehen postuan amaitzeatzea da, liderrak izatea. 

Hirugarren zaudete sailkapen orokorrean, bigarrenarekin puntuetan berdinduta.

37 puntu ditugu, bigarrenak bezala. Ondo kokatuta gaude, baina gure asmo bakarra lehendabiziko postuan gelditzea da. Hori da gure helburua.

Jardunaldi batzuk lehenago lehen postua izan zineten...

Lider izan ginen orain dela pare bat aste, baina galdu eta 6. posturaino jaitsi ginen. Oso berdinduta dago liga. Hori bai, talde polita daukagu, liga irabazteko modukoa, eta horretan ahalegindu behar gara. 

Zuek sinesten duzue lidertzan, baina baita afizioak ere.

Argi daukagu hankak lurrean eduki behar ditugula, baina posible dela ere badakigu. Afizioa ere gurekin dago, gu bezain ilusionatuta. Horrek asko laguntzen du.

Urrun egon arren, oriotarren eta etxekoen babesa ere sentitzen al duzu?

Lagunak eta femilia beti daude gertu, horiek ez dute inoiz hutsik egiten. Urrun egon arren beren babesa sentitzen da.

Futbolistikoki momentu onean zaude...  

Onean bai, baina ez onenean. Jada 32 urte ditut eta fisikoak ez dit buruak eskatutakoa ematen, lehen egiten zuen bezala. Halere, hankek ematen ez dutena urteen esperientziak ematen dizu.

Golak sartu eta sartu zabiltza, behintzat. 

Betidanik sartu izan ditut golak. Dena den, aurten, beste eginkizun batzuk ditut futbol zelaian. 

Zein dira eginkizun horiek?

Borrokatu egin behar dut, lana gogor egin eta besteei asistentziak eman.

Nahiz eta zure eginkizuna aldatu, postua ez duzu galdu.

Oso pozgarria da hori. Bakoitzaren bertuteak jakitea da dohainik handiena; eta nik, nire gorputza abiadurarentzat egokituta ez dagoela dakidanez, besteak mugitzen saiatzen naiz. 

Postu horretan gustura sentitzen zara?

Bai, noski. Denbora pasa ahala ohartzen zara ez zarela berdina, baina hori ez da arazoa.

Onenean zaudetenean, Gabonetako atsedenaldi hau ondo datorkizue?

Atsedenaldi horiek ondo etortzen dira beti, bai familiarekijn egoteko, bai deskonektatzeko. Indartsuago bueltatzeko ere badira opor horiek; eta indartsuago ez bada, indarberriturik itzultzeko!
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide