Intza Unanue: "Kanpainaren eragina metamorfosi moduko bat izatea da, euskaraz biziko diren tximeletak sortzea"

Karkara 2014ko abe. 3a, 10:38

Egunerokotasunean euskara erabiltzen ez duten horiei metamorfosi antzeko bat egin eta euskaraz biziko diren tximeletak sortzea da Euskomorfosia ekimenaren helburua. Kanpaina EHUko lehen mailako ikasleak egin dute, eta horien artean da Intza Unanue.

 

Euskomorfosia. Zertan datza?

Abenduak 3, euskararen egunerako, kanpaina bat sortu dugu kazetaritza, publizitate eta ikus-entzunezko komunikazioko lehen mailako euskarazko taldeetako ikasleok. Euskara bultzatzea da helburua eta Leioako campusaz gain EHUko gainontzeko campusetara zabaldu nahi dugu egitasmoa. Ez dugu nahi kanpaina hau ikasleengana soilik mugatzea, unibertsitateko langile guztiengana heltzea nahi dugu.

Kanpainaren izena Euskomorfosia da. Izen honekin, beldarrek tximeleta izatera pasatzean pairatzen duten bilakaeraren metafora eta hitz-jokoa egin nahi izan ditugu. Izan ere, gure egunerokotasunean asko dira euskaraz ondo jakinda ere erabiltzen ez dutenak. Kanpainaren eragina metamorfosi moduko bat izatea da gure helburua, hala, euskaraz biziko diren tximeletak sortuz.

Sarean Kalapitxixatu hadi ere irakurri dugu.

Kalapitxia tximeleta da lekeitiarrez esanda. Beraz, tximeleta bihurutu hadi, hau da; euskaldundu zaitez

Denbora daramazue unibertsitatean ekintza ezberdinak egiten. Jendearen interesa piztea lortu al duzue?

Bai, badira hiru bat haste susmo kanpainari ekin geniola. Campus osoan zehar kartelak jarri genituen tximeletaren hainbat sinonimo ezberdinekin, sare sozialak ere sortu genituen ... Kanpainari esker jendeak zer den galdetzea lortu dugu. Kantu bat ere sortu genuen eta interes handia ikusi dugu ikasle, irakasle eta langileen aldetik. Euskoformosiaren inguruan jakin min handia sortu genuela iruditzen zaigu.

Kantua nola sortu duzue? Guzti-guztia zuek egin duzue?

Bai, gelako musikari eta kantariak elkartu ginen. Musikariek kantaren doinua sortu zuten, kantariek berriz letra eta melodia, sortutako instrumental horrekin kantatu ahal izateko.

Grabatzeko gutako baten lokalera joan ginen, hori ere geure kabuz egin genuen. Baita bideoklipa grabatu ere.

 

Grabazio gehiago ere egin dituzue. Euskal Herriko pertsona ezagunena jo duzue, adibidez.

Bai, hasiera batean pertsona ezagun eta ezezagunetara jotzea pentsatu genuen, inkesta moduko bat eginaz. Bertan, euskararen egoera eta erabilera aztertzeko. Azkenean ordea, ezagunak bakarrik hartu ditugu kontuan. Campusetik at jende gehiagoren ahotara iritsi ahal izateko.

Eta sare sozialek ere lagundu dizuete zabalkunde horretan?

Bai, asko! Gehienbat Facebooketik zabaldu gara. Euskomorfosiatik idazten genituen berriak gelakideen artean elkarbanatuz guztion herrietan zabaltzea lortu dugu.

Eta gaurko egunari begira ekintza bereziren bat antolatu duzue?

11:45etan triki jaia hasiko da. 12:00etan Fernando Plazaolaren hitzaldia eta egunaren aurkezpena. Aurkezpena bukatutakoan, kantu-gira Campusean zehar. Beranduxeago, flashmovea eta mosaikoa. Eguerdi aldera Ostalaritza Eskolan, Euskal bazkaria izango da nahi duen guztiari irekia, musikaz alaitua. 14:30tan Euskarazko Esamoldeen Txapelketaren sari banaketa. 16:00tan bakarrizketak Galder Perez, Esther Uria eta Ohian Vegaren eskutik. 17:00tan Argazki lehiaketaren sari banaketa. Eta azkenik, 19:00tan Gure Sor Lekua filma Bizkaia Aretoan. Bestalde, egunean zehar Bost baietz lehiaketa eta Ginkana egongo dira martxan Campus guztian.

Dena den, zuen ekimena ez da biharko egunera mugatzen, ezta?

 
Ekimenarekin jarraitzeko asmoa dugu. Hala ere, oraindik ez dakigu zehazki aurrera begira nola proiektatuko dugun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide