Proiektuaren hanka bat, Sarasuaren ikus-entzunezkoa

Karkara 2014ko aza. 21a, 17:25

Argazkia: Donostia 2016

Maialen Sarasuak Donostia 2016 egitasmoaren barruan Wroclaw -Polonia- eta Donostia batzen dituen proiektuan hartu du parte. Hiru hanka ditu proiektuak eta berak horietako bat egin du, Wroclaw-Donostia. Zubi bat ikus-entzunezkoa.

Gaur hasi eta azaroaren 27ra bitarte, Europako Kultur Hiriburua partekatzen duten bi hirietako –Donostia eta Wroclaw– sei emakumeen lanak erakutsiko dira 2016 Espazioan -suhiltzaileen egoitzan zen eraikinean, Euskotren geltokiaren alboan-. Hiru artista euskaldunen artean dago Maialen Sarasua oriotarra.

Euskal Herriko hiru artistak Wroclaw-n izan ziren uztailean eta abuztuan. Bertan egindako lanak erakutsiko dira erakusketan, beren obrak herritarren arteko topagune izateko helburuarekin. Sortzaile bakoitzak arte diziplina bateko sorkuntza egin du; Maialen Sarasuak ikus-entzunezko proposamena gauzatu du, Wroclaw-Donostia. Zubi bat deiturikoa.

Oriotarraren asmoa zubiaren irudia baliatuta Donostia eta Wroclaw uztartzea izan da, bata bestearen oihartzun bihurtuz –eta alderantziz–. Zubia bien ezaugarriez hornitutako hirugarren hiri bat izango da.

Erakusketak hiru zati izango ditu. Lehenengoan Maialen Sarasuaren eta beste artisten lanak erakutsiko dira. Esan bezala, oriotarrarena ikus-entzunezkoa izango da. Bigarren zatian euskal gastronomiaren ikerketa artistikoko On the other side of the table proiektua erakutsiko da. Hiru artista poloniar ari dira egitasmo hori garatzen, elkarlanean. Hirugarrenean arestian aipatutako proiektuan sortutako materiala egongo da ikusgai.

Erakusketak gaur zabalduko ditu ateak, azaroaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan, Donostian duten egoitzan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide