Gure Bazterrak

Skasti: "Bederatzi izanda ere, taldekide bat falta bada asko nabaritzen dugu"

Karkara 2014ko aza. 28a, 11:17

Disko berria prestatzen ari dira Zarauztarrak. Bederatzi dira taldean, eta guztiak elkartzea odisea bat da. Iker Antxus –ahotsa–, Josu Tete –tronboia– eta Xabi Bino –ahotsa– egon dira KARKARAarekin hizketan.

Noiz eta nola hasi zineten taldearekin?

Iker: Futbol entrenamendu batean, bost lagun entrenatzen ari ginela, berotu egin ginen. Ska talde bat egingo al diagu? esan genuen. Bakoitzak zer instrumentu joko zuen adostu eta lehen entsegurako data jarri genuen. Utzitako lokal batean egon ginen; eta handik sortu zen Skasti.

Hasieran bost zineten, orain bederatzi. Nola eman zen aldaketa hori?

Iker: Hasiera batean ska eta punka entzuten genuen, eta gustuko genituen taldeen musika imitatzen hasi ginen. Aurrerago, punka pixka bat baztertu eta ska musikari heldu nahi izan genion; haizezko instrumentuak sartzea interesgarria izango zela pentsatu genuen. Josu tronboiarekin eta Mikel tronpetarekin gehitu ziren taldera, eta zazpi izatera pasatu ginen. Ska doinuetara gehiago hurbildu ginen orduan, haizezko instrumentuekin melodiak sartzen hasi ginen.

Aurrerago Aitor etorri zen akordeoiarekin; eta Azkena Mattin gehitu zen, taldeko gazteena, gitarrarekin.

Josu: Joel, beste gitarrak ezin izaten zuen kontzertu guztietara joan eta entseguetara etortzen hasi zen; azkenean Joelek jo zezakeenean ere jotzen hasi zen.

Musikalki ere, esan duzuen bezala, bilakaera bat izan duzue Ska musikaren barruan.

Josu: Bai, hurrengo urtean hamar urte beteko dira lehen kontzertua eman genuenetik. Hasieran ez ginen talde serio bat, taldea hastearekin batera ikasi zuten gutako batzuk instrumentuak jotzen. Baina urteak pasatzean ikasten goaz, eta entzuten dugun musika ere aldatzen doa; hori da gure eragina. Azken diskoak ere, New Age izenekoak, hori irudikatzen du: aro berri batean gaudela.

Maketa lehiaketa irabazteak laguntza eman dizue ezagutzera emateko?

Xabi: Bai, dudarik gabe. Oihartzun handia ematen dizu Gaztea bezalako irrati batean egiten den lehiaketa bat irabazteak: gehiago entzuten da zure musika, prentsan ere presentzia handiagoa duzu, egunero irratian zaude eta taldeaz hitz egiten dute... Horrek asko laguntzen du jendearengana iristen.

Josu: Esan beharra dago azken momentuan erabaki genuela maketa lehiaketan izena ematea. Watsappeko taldean idatzi zuen batek azken eguna zela abestiak aurkezteko. Azkenean bidaltzea erabaki genuen, kasualitatez-edo, eta irabazi egin genuen.

Taldekide asko izateak zailtasunak ematen al ditu taldea kudeatzean?

Josu: Bai. Watsappa ez zegoen garaian, kontzertu bat jotzeko esaten bazidaten –normalean nire zenbakia zebilen sarean- sms bidez komunikatzen ginen: zerrenda bat idazten nuen mezua nork nori bidali behar zion esanez. Ez da berdina hiru edo bederatzi pertsonako talde bat izatea.

Xabi: Denbora pasa ahala ere zailtasun gehiago izaten hasi ginen, unibertsitatean hasi eta kanpora joan ziren batzuk. Ez zen 16 urte genituenean bezala, guztiok Zarautzen bizi ginen eta denbora gehiago genuen edozein momentutan elkartzeko.

Josu: Bai, batzuetan ez gara guztiok biltzen entseguetan. Sei edo zazpi kideko entseguak egiten ditugu askotan. Hori bai, kanta berri bat egiten dugunean grabatu eta posta elektronikoz bidaltzen dugu beti, guztiok entzuteko eta etxean landu nahi duenak lantzeko.

Xabi: Alde positiboak ere baditu bederatzi izateak. Azkenean familia bat bezala gara, txikitako lagunak. Beti gaude guztiok elkarrekin, eta giro polita dugu.

Josu: Asko izanda ere, bat falta bada segituan nabaritzen dugu.

Abestiak sortzeko garaian, nola egiten duzue?

Josu: Ahal dugun bezala. Hasiera da zailena, behin ideia txiki bat daukazunean martxa hartzea errazagoa da. Ez dugu metodo finkorik, hartu-emana da gehienbat: batek melodia bat sortzen du, besteak proposamenak egiten ditu, pixkanaka guztion artean eraikitzen dugu abestia. Nik, adibidez, askotan parrandan nagoela melodia edo letraren bat etortzen bazait telefonoarekin grabatzen dut ez ahazteko.

Urte mordoa daramazue kontzertuak ematean; eszenatoki desberdinetan jo duzue. Orain Orion joko duzue, etxetik gertu.

Iker: Bai, etxetik gertu izateaz gain, jaialdia asko gustatzen zaigu. Beste taldeak gustatzen zaizkigu eta batzuen lagunak gara, etxe-giroan egongo gara. Gainera, jaialdi bat izanik, ez duzu beste leku batzuetan jotzean izaten den ardura hori giroa berotzeko. Jendea kontzertuak ikustera doa, eta badaki zer aurkituko duen.

Zer iruditzen zaizue Gure Bazterrak egitasmoa?

Iker: Oso positiboa. Beti eskertzen da jaialdiak izatea inguruan, horrek musika grina dagoela erakusten du.

Josu: Gainera ez da Euskal Herrian egiten diren beste hainbat jaialdi bezala, Gatibuk, Esne Beltzak eta betikoek jotzen duten horietako bat. Beste talde mota batzuekin osatutako jaialdia da hau: Grises eta John Berkhout taldeek, adibidez, espainiar estatu osoan jotzen dute. Horrelako jaialdi bat ez da ohikoa hemen, formatua asko gustatzen zait. Gainera kontuan izanik antolatzaileak ere gazteak direla, gogo handia dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide