Jostailuen elkartrukearekin, berrerabilpena sustatzen dute

Karkara 2014ko aza. 25a, 09:41

Abenduaren 14ean izango da jostailu truke-azoka. Bilketa hiru egunetan egingo dute: azaroaren 27an, 28an eta abenduaren 12an.

Herri Natur Taldeak bosgarrarrenez antolatu du Jostailu Erabilien Azoka. Abenduaren 14an izango da, goiz osoan zehar, 10:30etik 15:00etara, herriko plazan. Eguraldi txarra eginez gero, frontoian izango da.

Azoka egiteko hautsa hartzen ari diren jostailuak behar dira, berrerabilpena emango zaien produktuak. Hortaz, etxeetan erabiltzen edo behar ez dituzuen jostailuak badituzue, erabilpen berri bat emateko aukera egongo da. Izan ere, antolatzaileen helburua elkartrukea eta berrerabilpena sustatzea da eta Gabonetako gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea.

Hiru izango dira bilketa egunak. Lehendabizikoa azaroaren 27an, ostegunean. Arratsaldeko 16:30etatik 17:30era Ikastolan jasoko dira jostailuak. Hurrengo egunean, azaroaren 28an, Zaragueta Eskolan egingo da bilketa 16:00etatik 17:00etara. Azkenik, abenduaren 12an, Kosta Tailerrean izango dira azken jostailuak jasotzen 17:00etatik 19:00etara.

Truke sistema koloretako txartelekin

Bilketa egunetan etxetik ekarritako jostailuak sailkatuko dituzte, hiru koloretan bereiziko dituzte produktuak: horia, urdina eta gorria. Jostailuak erosi ordez trukatu ere egin daitezke, kolore berdineko txartela duen beste jostailu batengatik.

Parte hartu ahali izateko, bete beharrekoak

Jostailuak egoera onean egon behar dute, ez baitute egoera txarrean dagoen jostailurik jasoko. Azoka egunean, jostailuak trukatzeko, 8 urtetik beherakoek arduradun baten laguntza eduki beharko dute. Behin azoka amaituta, inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide