Anari: "Askotan sentitzen dut nire bertsioak jotzen ari naizela"

Karkara 2014ko aza. 19a, 08:50

Argazkia: Eneritz Dueso

Anarik –Azkoitia, 1970– kontzertua emango du Orioko Kultur Etxean azaroaren 21ean, ostiralean,  22:30ean hasita.

Zure webgunean irakurri dugu kasualitatez hasi zinela musikan.

Bueno, norberak bilatu gabeko zerbait da. Horrekin esan nahi dudana da hasiera haietan ez nekiela ez disko bat egingo nuenik, ez kontzertuak emango nituenik, ez ezer. Inertziaz hasi nintzen, gustatzen zaizulako.

Irakaslea ere bazara. Noizbait pentsatu duzu irakasle lanak utzi eta musikaria izatea?

Nik beti diot ez naizela musikatik bizi, baizik eta musikarako bizi naizela. Irakasle naiz, lanaldi murriztuan egiten dut lan, horrek ahalbideratzen baitit musikarako bizitzea.

Zebra sentitzen zarela/zinela ere irakurri dugu...

Hori aspaldi, momentu jakin batean, esan nuen. Une hartako definizio bat izan zen; baina, bueno, orain ere erabili dezaket...

Kantuekin ere gertatuko zaizu. Duela hogei urte idatzitako kantua gaur egun abestean ez duzu berdina sentituko.

Kantu asko eta asko ezeztatu nahiko genituzke, askotan gertatzen zait hori. Baina, tira, azkenaldian zenbait kanturekin adiskidetzen ikasten ari naiz. Nik askotan sentitzen dut beste pertsona baten bertsio bat jotzen ari naizela, eta beste pertsona hori ni neu naizela.

Nik nire bost abesti edo bakarrik joko nituzke, baina, egia da, jendeak aspaldiko kantu horiek entzun nahi dituela. Eta, esan bezala, adiskidetzen ikasten ari naiz.

Eta Orion, zer joko duzu?

Garai guztietako kantuak joko ditut. Disko bat atera berri duzunean, horrekin aritzen zara kontzertuak ematen; baina diskoetatik aldentzen zarenean errepaso moduko bat egiten duzu, denetik jotzen duzu. Beraz, hori egingo dut ostiral honetan.

Azken diskotik aldentzen ari zarela diozu. Beste disko bat gerturatzen ari den seinale?

Gerturatzen ari da, baina oraindik...

Bakarrik etorriko zara, ezta?

Bai, eta gustatzen zait bakarrik ematea kontzertua. Ni eta nire gitarra, besterik ez. Nik kantuak egiten ditudanean gitarrarekin eta ahotsarekin funtzionatu behar dute, eta taldean ere jo daitezkeenak izan behar dira. Bi kontzertuetarako balio duten abestiak egiten ditugu.

Bakarlarien eremuan, taldea zarete; taldeen esparruan, bakarlaria zara.

Nik uste dut sortzaile bezala bakarlaria naizela. Taldekideek asko ematen diote taldeari, ekarpen handia egiten dute. Denbora asko goaz elkarrekin eta soinu zehatz daukagu, horrek asko laguntzen du.

Gaztetxe, antzoki... toki askotakoan jotakoa zara. Ostiral honetan Kultur Etxean izango da kontzertua.

Kontzertua norberak eta publikoak egiten du. Badira lekuak jendea erakartzen dutenak eta giroa sortzen dutenak. Adibidez, herri bateko Gaztetxea bete dezakezu eta erdi berdineko antzokira 10 lagun joan daitezke. Baina, oro har, espazioak berdin du.

Gaztetxeak aipatu dituzu. Euskal musikan mugarri izan dira, ezta?

Gaztetxetako mugimenduekin garaikidea izatea egokituko zaigu, Gaztetxe askotan jotakoak gara. Gauza ederra dira eta jende asko dabil, borondatez, horietan lanean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide