Itsasoa eta gu

Ana G. de Txabarri 2014ko aza. 18a, 11:07

Argazkiak: Joxemari Olasagasti

Ez da erraza biak elkarrekin etortzea, baina hala gertatu zitzaigun azaroaren bigarren igandean. Batetik, gai oso interesgarria: industrializazioa eta itsasoaren arteko harremana Orion eta, bestetik, hitza zehatz, zuzen eta erraza duen Xabier Alberdi bezalako hizlaria, esan beharrekoa buelta askorik gabe botatzen dakiena, datu ondo aukeratu eta esanguratsuekin azalpen neurtuak lotuz.

 

Goizeko 11:00etan genuen hitzordua egina, Etxeluzearen parean. Zirak eta guardasolak eraman genituen, badaezpada ere, euria egingo zuela entzun geniolako eguraldiko esatariari: kale egin zuen iragarpenarekin eta guk asko estimatu, azaroko eguzki xalo eta epelarekin goxo egin genuelako oinez bidea.

Han genuen Xabier zain, gerrian tramankulu xelebre bat zeramala, bozgorailu bat, denok hobeto entzuteko kontatu nahi zizkigun gauzak lehenego geltokian, Etxeluzean. Zubia pasa eta Arinenean izan zen bigarrena, Arratolan hirugarrena eta Frantses-fabrikaren ate aurrean ibilbideko azkena.

Erdi Aroan, Orio sortu zenetik, itsasoa protagonista izan da gure herriko historian, baina ez bakarrik arrantzari lotutako jardunagatik. Hasiera-hasieratik, ontzigintzak Orion aurkitu zuen lekurik aproposa eta gure itsasadarrean forma eta neurri askoko ontziak egin dira betidanik. Baleontzi izugarri handiak, Albaolakoak egiten ari diren San Juan bezalakoak, ozeanoa zeharkatzeko gai zirenak, esaterako, edo ala xumeak Sarikolaraino, Aginagaraino zama eramateko eta buelta itsasotik gertuko edo urrutiko portuetara, marearen gora eta beherako erritmoan; arrantzarako batelak, txalupak... mendeetan hori izan zen oriotar askoren ogibidea, arotza izatea, eta munduan onenak izan omen ginen lan horretan. Nahiz eta aspaldi ez diren han entzuten zerren soinuak eta aizkoren kolpeak, mundu haren lekuko dugu Mutiozabalena, Gipuzkoa osoan zutik geratzen den erriberako ontziola bakarra.

Baina ez da hain urruti, guk ezagutu dugu-eta lanean. Entzuten ari ginen hogei bat lagunen artean, baziren gogoan zutenak nola eraisten ziren ontziolatik egurrezko baporeen kroskoak, marea betean, kamioi batek plazatik sokatik tira eginez. Kontu asko entzun genituen entzule-jendea animatu zenean: kofradia zaharrekoak, hango jendearenak, garai bateko arrain-enkanteak... Horrela, Xabierren historiak zabaldutako uberan bestelako istorio txikiak ezagutzeko aukera izan genuen.

Segida ederra ikusi du Alberdik gure historian: egurrezko itsasontzien industriak behera egin zuenean, altzariak egiten hasi ziren ontzioletako arotzek, ofizio ondo baino hobeto ezagutzen zuten langileak bazeuden-eta bertan. Arin y Embil, Muebles Esnal, Muebles Aramendi... gogora ekarri zituen Xabierrek. Zarautzen ere antzeko aldaketa ondo dokumentauta omen du berak. Beste eraikin bakarra ere ba omen dugu Orion, Etxeluzea bera. Egur depositoa izateko sortua, erriotik garraiatzen ziren haraino zura preziatuenak, ondo lehortu eta gero, altzariak egiteko. Gaur egun ez da antzekorik geratzen zutik.

Trenak berrikuntzak ekarri zituen, industria berriak jarri ziren Orion trenbidearen arrastoan XX. mendean, lehengo munduaren gainbehera azkartuko zuenak, baina haietan ere errioak eskuzabal jarraitu zuen berea den bidea eskaintzen, itsasokoa: Frantses-fabrikatik zuzenean jasotzen zuten zam baporeek horretarako eraikinak zituen leiho zabal eta moiladunak erabiliz.

Orio eta errioa izan genituen gaia eta paisajea. Itsasoarekin lotu gaitun zilborestea da itsasadarra, handik etorri zaizkigu bizia eta bizimodua mendeentan.

Oinez, solasean, batetik bestera egin genuen bidea, dugun ondare aberatsaren berri jasoz, gure burua hobeto ezagutuz.

Bizi-bizi pasa zitzaigun denbora.

Ana G. de Txabarri

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide