Bigarren argazki lehiaketa antolatu du Muskuilu Harria elkarteak

Karkara 2014ko aza. 17a, 11:25

2008ko lehiaketako lehen saria lortu zuen argazkia. Egilea: Joxean Lizarralde

Itsas paisaiak eta kirol arrantzaren inguruko argazkiak jasoko dituzte, Orion –ibaian edo itsasoan– eginak.

Natura errespetatzeak eta arrantza arduratsua praktikatzeak duen garrantziaz gogorarazi nahi du Muskuilu Harria kirol arrantza elkarteak, antolatu duen 2. Argazki Lehiaketarekin.

Lehiaketan parte hartu nahi duenak Orion bertan eginiko argazkiak aurkeztu behar ditu –errioan edo itsasoan–, eta itsas pasaia edo kirol arrantza izan behar dute gaitzat. Oriotarrek, herrian bizi, lan egin edo ikasten dutenek eta elkarte antolatzaileko kideek parte hartu dezakete.

Lehen saria eta bi accesit izango dira kategoria absolutuan, eta beste sari bat 1999. urtetik aurrera jaiotakoen mailan. Epaimahaia argazkilaritzan adituak diren eta natura gaietan interesa duten pertsonek osatuko dute. Aurkezten diren lanak San Nikolas jaietan egingo den erakusketa batean ikusgai egongo dira.

Parte-hartzaile bakoitzak lau argazki aurkeztu ditzake, koloretan edo txuri-beltzean. Lehendik argitaratu gabeak izan behar dute argazkiek, eta inprimatuta aurkeztu behar dira. Onartuko den tamaina txikiena 15x20koa izango da, eta handiena 30x40koa. Zilegi izango da argazkiak digitalki tratatzea, oinarrizko edizioa egin ahal izango zaie.

Azaroaren 29a da lanak aurkezteko azken eguna. Argazkiak gutun-azal itxi batean bidali beharko dira, norbere datuekin: izen-abizenak, telefonoa eta helbidea. Argazki bakoitzaren izenburua ere adierazi behar da. Orioko 71. posta-kutxan edo Muskulu Harriak Orioko kirol portuan duen lokalean entregatu behar dira.

Antolatzaileek berentzat gordetzen dute aurkeztutako lanak zabaltzeko eskubidea, egilearen izena adieraziz. Argazkien jabetza egileena izango da, erakusketa amaitzen denean material guztia itzuliko zaie.

Informazio gehiago nahi duenak, 645 728 813 zenbakian eskatu dezake.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide