Sustraietatik, Orio lagunkoia osatzeko asmoa

Karkara 2014ko aza. 27a, 10:53

Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmoan parte hartzen du Oriok. Helburua adineko pertsonek zahartzaro aktibo eta osasungarria izatea da.

Bihar, hilaren 28an, Gipuzkoako Udalekin topaketa egingo da Donostian, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmoa aurkezteko. Proiektuaren gidaliburu operatiboa egin dute aurkezpenerako, bertan Udalek beren udalerrietan proiektua finkatzeko eman beharreko urratsak zehazten dira.

Udalerri horien artean dago Orio. Herrikoen zahartzaroa aktiboa eta osasungarria izatea du helburu ostiralean aurkeztuko den proiektuak, eta Orioko Udalak bat egiten du jomuga horrekin. Hiri ingurune integratzaile eta irisgarria izatea lortu nahi da, eta pertsonen arteko bizikidetza eta adinekoen zahartze aktiboa sustatu  nahi da.

Oraingoz 15 udalerrik egiten dute bat ekimen honekin: Oriok, Ordiziak, Hondarribiak, Idiazabalek, Zumarragak, Añanako Kuadrilak, Erriberagoitiak, Añanak, Armiñonek, Gaubeak, Berantevillak, Lantaronek, Kuartangok, Iruña de Ocak eta Zambranak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide