Trikitiaren historia txiki bat kontatzen du Kepa Junkera & Sorginak diskoak. Zazpi sorginekin batera egindako diskoa izan da, hasiera garaietan bidelagun izan zituen musikarien –erromerietan aritzen zirenak eta abar– zertzeladekin apaindua; tartean da Imanol Urkizu oriotarra.
Urkizuk lau urte inguruan ibili zen oholtzatik oholtzara Kepa Junkerarekin batera. Trikitia munduko beste musikekin bat egiten hasi zenean, panderoa jotzen zuen oriotarrak. Ondoren, bakoitzak bere bidetik jarraitu zuen arren, gauza askotan bat datoz.
Berriz elkartu dira Kepa Junkeraren azken disko honetan. Panderoa jo du Urkizuk eta ikus-entzunezko batean ere parte hartu du. Junkeraren lan berriak liburu bat ere izango du eta bertan jotzen hasi zenean trikitia nola ikusten zuen kontatzen du, besteak beste, Urkizuk. Hortaz, anekdota txikiz eta kontakizunez josia egongo da liburua. Grabaketak Elkarren estudioan eta Junkerak Busturian duen etxean egin dituzte.
Sorginak, zazpi dira: Amets Ormaetxea, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi, Maria Lasa, Alaitz Eskudero eta Eneritz Aulestia. Azken hau Julen Alonso oriotarraren bikotekidea da trikitilari txapelketetan.