Anari, formatu txikian, Orioko Kultur Etxean

Karkara 2014ko aza. 13a, 09:28

Azaroaren 21ean Anariren kontzertua izango da Orioko Kultur Etxean. Gonbidapenak Kultur Etxean jaso daitezke

Bakarrik eta kasualitatez jaio zen Anari, berak dioenez. 1997an hasi zuen musikaren alorrean bere bidea, eta ordutik bidelagun asko egin ditu: Abrego, Drake, Iglesias... Bakarlari izatetik estudioetan eta oholtzan eskutik musikari-lagun ugari ditu azkoitiarrak.

Anari, Habiak, Zebra, Irla izan, Pettirekin batera egindako diskoa, Kafe antzokian zuzenean grabatutakoa... 17 urte hauetan lan ugari argitaratu ditu abeslari eta konpositoreak. Bidehuts diskografika ere sortu zuen beste musikari batzuekin batera bere lanak editatu ahal izateko.

Urte hauetan guztietan talde baten konpainia izan du oholtza gainean, baina, azkenaldian, formatu txikiko kontzertuak ematen hasi da berriz ere. Hasiera garaietan bezala, Anari bakar-bakarrik taula gainean. Orion ere horrela izango da, ahotsa eta gitarra, besterik ez.

Datorren ostiralean izango da, azaroaren 21ean, gaueko 22:30ean, Orioko Kultur Etxean. Sarrera doakoa den arren, aldez aurretik gonbidapenak eskuratu behar dira, plaza mugatua baita. 100 pertsonentzako izango da tokia, hortaz, gonbidapenak dituztenak izango dute sarbidea. Gonbitak banatzen hasi dira Kultur Etxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide