Nolatan ikuskari lanetan?
Hara juteko asmoa banuen, batez ere benetako kontsulta zenean. Gero, deskafeinatu zenean, gogoak joan zitzaizkidan. Haserretu egin nintzen. Nazioarteko lagun asko ditut, galestarrak gehien bat, eta haiek joan zirelako joan nintzen.
Benetako kontsulta zenean nazioarteko begirale izendatuak zeuden, erakundeekin lotutakoak. Horrek atzera egin zuenean, guztia bertako 70 erakunde hiritarren eskuetan geratu zen. Boluntarioak eskatu zituzten eta izena eman genuen. Kanpotik joan ginenak eta Katalunian bizilekua ez genuenak begirale lanetan ibili ginen.
Han bertan, nola joan zen guztia?
Larunbatean ia egun osoko bilera izan genuen, goizeko 12:00etatik hasi eta arratsaldeko 18:00ak bitartekoa. Prestaketa bilera izan zen, non protokoloa erakutsi ziguten. Bilera horiek Generalitatean ziren egitekoak, baina ateneora joan behar izan genuen. Taldean egin zituzten boluntarioen artean eta ni galestarrekin jarri ninduten, galesa eta katalana hitz egiten baitut. Talde bakoitzean boluntario Katalan bat zegoen eta harekin ibili ginen hauteslekuetan.
Hori larunbatean, eta igandean?
Grazia auzoa tokatu zitzaigun. Goizeko 8:00etan Maristas Ikastetxera joan ginen, San Joan kalean dagoenera. Izugarrizko ilara zegoen ordurako. Jendearekin hitz egin genuen eta galdetu egin genien ea zergatik joan ziren horren goiz. Badaezpada erantzuten ziguten. Jende nagusia urduri zegoen, berehala bozkatu nahi zuen.
9:00etan ireki ziren ateak.
Hunkigarria izan zen. Andre edadetu bat sartu zen, oso zaharra, aulkian zeramatena. Negar batean zegoen. Oso polita izan zen.
Jende asko zegoen hunkituta?
Batzuk oso lasai zeuden eta patxada horrek harritu egin ninduen. Ez zen zirkurik egon, jendea oso lasai zegoen. Kola izugarriak egonagatik jendea ez zegoen asaldatuta, pazientzia handia izan zuten. Zibismo izugarria zegoen eta iruditzen zait hemen ez litzatekeela horrela izango.
Batek espainiar banderarekin bozkatu zuen eta inork ez zion ezer ere ez esan. Errespetu handia zegoen.
Alde guztietakoak bozkatu zuten, hortaz.
Denetik zegoen. Hori bai, batez ere helduak ikusi nituen ilaran, lehenengo ordutan behintzat. Jende gazte gutxi ikusten zen, 40 urtetik gorakoak ikusten ziren.
Arratsaldean ere hori zen irudia?
Ez dakit, ni 17:00ak aldera joan egin nintzen. Ikusi nituen gazteak oso gutxi izan ziren. 16 urtekoak adibidez, lehendabizikoz bozkatzeko aukera zuten, eta aukera hori galtzea ere...
Bostetan alde egin bazenuen zenbaketan ez zinen egon, ezta?
Lanera etorri behar nuenez, kontaketan ez nintzen egon. Dena den, whatsappean konektatua nengoen.
Lehenagotik izena ez bazuten eman, aukera zuten egunean bertan emateko?
Bai, informazio puntuak zeuden eta bertako ordenagailuetan izena eman zezaketen. Momentu horretan esaten zien zein hauteslekuetan eman behar zuten bozka.
Lehenago egiteko ere ordenagailuz egin behar zen, ezta?
Auzoetan lagundu egin dira elkarri; gazteek –40 urtekoek– helduei lagundu diete. Herritarren mugimendu horretatik asko daukagu ikasteko, sempre poble.
Ikuskatzea izan da zuen lan bakarra?
Ez. Graziako hautesleku guztietara joan behar genuen eta ikusitakoarekin informe bat egin behar izan dugu. Benetako hautesleku batek bezala funtzionatu behar zuela kontrolatu behar genuen: paperak egotea, informazio puntua egotea, banderarik ez egotea... Talde bakoitzak informe bat osatu behar du eta guztiekin bat osatuko da. Hori generalitateari, alderdi politiko guztiei eta Katalunian dauden kontsulatu guztietara eramango da.
Egindako lana polita izan al da?
Gaztetan 4-5 urte eman nituen Valentzian, horregatik dakit Katalana. Sentipen berezia izan dut beti, oso gertukoa izan da niretzat. Inbidia puntu batekin bizi izan dut, hemen horretatik oso urruti gaudela sentitzen baitut. Mugimendu hiritarra oraintxe hasi da hemen...
Beren olatuan sartu al gara?
Bai eta beraiek eskoziarrenean. Leihoa ireki da eta aprobetxatu egin behar da. Egia da, euskaldunak, antolakuntzan trebeak garela eta denbora gutxian giza katea antolatzeko gai garela. Baina, kontua ez da kalean gauzak egitea bakarrik, zerbait gehiago da. Katalanek gizarte mailan bide gehiago egin dutela uste dut.
Azaroaren 9an gertatutako hemen gertatzea posible ikusten al duzu?
Oso urruti ikusten dut Katalanen egoera. Hemen, oraindik, gauza asko ditugu batak besteari barkatzeko. Oso gertukoak garenak ere gero eta bananduago gaudela uste dut.
Gertukoak gero eta urrutiago. Zer esan nahi duzu?
Nik arranora edo herrikora sartzen ez diren lagun abertzaleak ditut. Kontuan izan behar dut norekin gelditu naizen, nora joan naitekeen jakiteko. Hori normala al da? Abertzaleon artean gauza txiki batzuk adosteko izugarrizko arazoak dauzkagu, eta hori, udaletxeko kontuekin sartu gabe. Lehendabizi gure patioa konpondu behar dugu.
Lagun galesak dituzula esan duzu. Berek nola bizi dute egoera?
Deskafeinatu arren, txartelak hartuta zituztenez, etortzeko asmoa zuten. Galesko errealitatea, sinplifikatuta eta konparaketa eginez, iparraldekoaren antzerakoa da. Nire lagunak bai direla militanteak, baina gizartearen isla ez da hori. Eskoziako txanpa aprobetxatu nahi dute gaia, behintzat, mahai gainean jartzeko. Katalunian nire inbidia handia bazan, berena are handiagoa.
Eskozia eta Katalunia aldera daitezke?
Nire lagunak Eskoziatik amorratuta etorri ziren, azken momentuan beldurra sartu eta atzera bota zirelako. Beren ustez, Katalunian, aukera izango balute independentzia lortuko zuten. Kontua da hemengo gobernua eta Eskoziako ez dela berdina...
Eta zuk, nola bizi izan duzu?
Gertutik. Gainera, gure lana ere eskertu egiten zuten, gure presentziak galdeketari indarra eta sendotasuna ematen ziola zioten. Beraz, pozik.