Bartzelonatik Kataluniara begira

Karkara 2014ko aza. 11a, 11:58

Ikasketak eraman zituen Irati Zabaleta eta Irati Azkue Bartzelonara. Gertutik eta aldi berean distantziatik bizi dute Kataluniako prozesua.

Noiztik eta nolatan zaudete Bartzelonan?

Irati Zabaleta: Nanoteknologia ikastera etorri nintzen duela lau urte. UABen ikasten dut, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta gustura nago oso.
Irati Azkue: Nik diseinu ikasketak hasi berri ditut hemen, baina lehen inpresioa ona da.

Zergatik Bartzelonara?

Zabaleta: Urte batzuetan hiri handiago baten bizi nahi nuen, Oriotik atera nahi nuen. Eta egia esan, aukeraketa ona egin nuelakoan nago, oso gustura bainago. Kanpoko jende ugari ezagutu dut, mota eta interes ezberdinetakoa.

Asko aldatzen da bizitza?

Zabaleta: Ez dakit, ez baitakit han ikasiko banu nolakoa izango litzatekeen nire egunerokoa. Ez daukazu horrenbesteko beharra jendea ezagutzeko, hortaz, pentsatzen dut, kanpoko jendearekin ez nintzatekeela horrenbeste elkartuko.

Azkue: Asko irekitzen zaitu. Oriotik Zarautza ikastera joatea bezala da, beste eskala batean.

Zabaleta: Hori guretzat oso salto handia izan zen.

Azkue: Ireki egiten zaitu Zarautza joateak.

Eta zuen lagunen artean, badaude katalanak?

Azkue: Nik dezente katalan ezagutu ditut.

Zabaleta: Ni batez ere estatuko beste probintzietakoekin erlazionatzen naiz. Denetarik.

Eta lagun katalan horiek hitz egiten dute azaroaren 9ari buruz.

Azkue: Nik galdetzen diedalako, baina, bai, orduan erantzuten didate eta alde guztietako iritziak entzun ditut. Batzuk egitea nahi zuten, besteak ez.

Lasai ematen dute iritzia, izan aldekoa ala kontrakoa?

Azkue: Bai. Badaude hitz egin nahi ez dutenak, baina, orokorrean, normaltasunez tratatzen dute gaia.

Zabaleta: Nire inguruko jendeak lasai hitz egiten du gaiaren inguruan. Nik nabaritzen dudana da zientzietako gradua ikasten ari direnak axolagabetasun handiagoa dutela letretako gradua ikasten ari direnak baino.

Nahiz eta ados egon?

Zabaleta: Baiezkoa bozkatu dute askok, baina boluntario lanetan ez dira ibili. Ez dira asko mobilizatzen Nire karreratik kanpo boluntario asko eta asko ezagutu ditut.

Eguneroko bizitzan aldaketak ekarri ditu Katalunian gertatu denak?

Zabaleta: Noizean behin manifestazioren bat tokatuko zaizu, kazuelena... baina, oro har, ez da aldaketarik eman. Kontzentrazioak eta egoten direnean puntu jakin batean biltzen dira eta hor bai soinua egiten dutela, baina, gainontzean, ez.

Herri txikietan gehiago nabarituko da, ezta?

Zabaleta: Bai, Manresa edo Vicea joaten bazara, ziur, nabaritzen dela.

Zuek ere desberdintasun handiak ikusten dituzuen zuen Bartzelonako lagunen eta herri txikietako lagunen artean?

Zabaleta: Handiak.

Gobernuak galdeketa bi aldiz atzera bota izanak eragina eduki du jendearen pentsaeran?

Zabaleta: Batzuk behera etorri dira eta beste batzuei gogoa handitu zaie. Jendea nazkatuta dago. Hasieran bozkatu behar zuen jendea kokoteraino dago eta bozkatzera joan da.

Euskaldunak izateagatik begirunea dizuete?

Azkue: Gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen badiezu, gaizki begiratzen zaituztete batzuk. Hori bai, euskalduna zarela jakiten dutenean errespetuz begiratzen zaituzte.

Beti, lehendabizi, katalana hitz egiten dute?

Zabaleta: Bai, ia beti. Ia guztiek katalana hitz egiten dute eta joera, lehen momentuan, beti, katalanez hitz egitea da. Hori oso ondo dago.

Azkue: Nire lagun ia guztiek katalanez hitz egiten dute eta askotan niri ere katalanez hitz egiten didate, konturatu gabe. Esaten diet horrela egiteko, horrela ikasiko dudala eta.

Zabaleta: Segituan ulertzen da katalana, beraz, arazo handiegirik ez dago.

Unibertsitatean ere guztia katalanez daukazue?

Zabaleta: Nik bai. Ulertu berehala egiten nuen, baina idaztea asko kostatzen zait. Dena den, inoiz ez naute behartu katalanez idaztera, hortaz, ez daukat arazorik. Hasi eta berehala kurtsoa egin genuen..

Azkue: Nik ez, ez daukat guztia katalanez. Halaber, kurtsoa egiteko aukera ere bagenuen baina interesa oso gutxik azaldu dugu. Derrigorrezkoa ez daukagunez...

Zabaleta: Dena den, gradua gaztelaniaz egitea ere asko kosta zitzaidan hasieran, matematikak batez ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide