John Berkhout. Nondik dator izena?
Ekain Perez: Hitz-joko bat da: joan beharko dut. Oiartzunen joan berkout esaten dugu eta horrekin entseguetara joateko motibazioa, konpromisoa, adierazi nahi dugu. Bestalde, musikalki, gure inspirazio iturri nagusia talde amerikarrena da. Orduan, ingelesezko izenaren eta Oiartzungo esamolde baten arteko jokoa egiten dugu.
Oiartzunek eragina zuen musikan nabaria al da?
Eneko Lusar: Hiri batean biziko bagina, ziurrenik, ditugun pertzepzioak aldatu egingo lirateke. Hemen leihotik begiratu eta mendia ikusten dugu, natura. Horrek guztiak izaeran eragina dauka.
Perez: inguruak eragina dauka bai onerako, bai txarrerako. Saihestezina da.
Noiz hasi zen guztia?
Lusar: 15-16 urte genituela hasi zen
Iñigo Goñi: John Berkhout 2008 urtean edo sortu zen, baina izena 2013an jarri genion.
Lusar: beti berdinak izan gara, beti gu ibili gara musika egiten; bost sei urteko bidaia izan da eta azkenean hau sortu da.
Goñi: kantu asko egin ditugu eta azkenean 10 bildu ditugu CD batean
Perez: Ordura arte trantsizio moduko bat egiten genbiltzan, eta behin gure lana definitua genuenean sortu genuen CDa.
Trantsizioa aipatu duzu. Behin CD aterata, ordea, dena tupustean etorri zitzaizuen.
Goñi: laguntza handia izan dugu: euskal hedabideak atzetik izan ditugu eta hedabide espezializatuek kritika onak egin dizkigute. Horrek gurpila handitu du eta guztia biratzen hastea ekarri du
Perez: baina oso modu naturalean hartu dugu. Guk ez dugu zerbait berria daukagunaren sentsazioa, barrutik ez dugu ezer desberdina ikusten. Berdin-berdin jarraitzen dugu
Lusar: guztiok gure bizitzarekin jarraitzen dugu, lehen bezala
Goñi: egia da izan duen erantzunak gogo gehiago, fintzeko behar gehiago eta entseguak egiteko premia gehiago sentiarazi dizkigula.
Perez: izan dugun oihartzuna, akaso, Euskal Herrian zerbait berria egin dugunaren seinale izan daiteke.
Hasi eta berehala Big Festivalen jo zenuten.
Goñi: kolpez izan zen. Intxaurrondon eman genuen lehen kontzertua; bigarrena, Neil Youngekin jo genuena zen.
Lusar: urduritasuna genuen oholtza handia zelako eta jendetza zegoelako. Gainontzean, asko prestatu genuen eta ziur geunden.
Perez: Lehenago, beste proiektuekin, kontzertuak eman genituen. Ez ziren maila horretakoak, desberdina zen, baina esperientzia bizita genuen.
Aukeratu beharko bazenute: oholtza txikiak ala festibal handiak nahiago?
Goñi: Bakoitzak zerbait ezberdina dauka. Festibalek eszenatoki handia, ekipo ezin hobea, foku izugarriak... dauzkate. Leku txikietan soinua hobea da, gertutasuna dago, jendeak gure musikaz disfrutatzeko errazagoa da...
Perez: gure diskoa patxadaz entzutekoa da, bidaia baten antzera planteatzen dugu. Horretarako egokiagoak dira eszenatoki txikiak.
Bigarren diskoa ere horrelakoa izango da?
Goñi: beste alor batzuk ikusiko ditugu, ez dugu berdina egingo. Hori gure filosofiaren parte da, arriskatzeko gogoa izaten dugu beti.
Perez: zentzu horretan nahiko ekliptikoak gara.
Goñi: hurrengo diskoarekin lanean ari gara eta zehaztuta ez dugun arren, harridura bilatu nahi dugu.
Perez: ez zaigu estilo konkretu batera mugatzea gustatzen, esperimentatzea dugu gogoko. Itxi ezkero beti berdina egitera kondenatua zaude, hortaz, libreak izan nahi dugu.
Festibal berri bat jaio da: Gure Bazterrak, Orion. Zer iruditzen zaizue horrelako ekimenak egitea?
Goñi: Jende batzuk kiroldegian horrelako kontzertuak antolatzen hastea izugarrizkoa da. Hemen inguruan ez dugu horrelako festibalik ezagutzen. Pozgarria da kultura sustatzen duen jendea egotea.
Perez: Gaur egun gauden egoera sozio-ekonomikoa eta kulturak pairatzen dituen baldintzak kontuan hartuta are pozgarriagoa da.
Goñi: Azkenean ez da enpresa bat edo interes ekonomikoak dituen norbait antolatzen duena; interes kulturala dago soilik. Gainera, berezia da, ez daude betiko musika taldeak; euskal musikan eta estatu mailan erreferenteak diren taldeak daude.
Perez: Euskal Herrian oso itxita egon gara urte askotan; musika estilo batzuk oso markatuta egon dira. Horrelako festibalak egitea oso ondo dago ikusteko euskaldunok beste modu bateko gauzak ere egiten ditugula.
Goñi: kartela eta grafikoak ere oso zainduta daude. Gustu askorekin ari dira lanean.
Kartela euskaldunok osatzen duzue...
Lusar: Gizartean gertatzen diren gauzak eta antolakuntzak eragina dauka. Orain gizarte libreagoa garela esango nuke, beldur gutxiago daukagu eta hori musika estiloetan nabari da.
Perez: Askok globalizazioarekin lotuko dute hori. Ez da horrela. Egia da ez dugula ezer asmatu eta Ameriketako musikaren eragina dugula, baina ez guk soilik, Benito Lertxundik ere Ameriketako musika egiten zuen, baina euskaraz. Beti izango dugu kanpokoaren eragina.
Dena den, Gure Bazterrak hori baino gehiago da. Adibidez, musika eskoletara eraman nahi dute, haurrekin tailerrak egin nahi dituzte. Garrantzitsua iruditzen zaizue gaztetatik musikaren heziketa jasotzea?
Lusar: Niretzat oinarrizkoa da. Matematikak erakusten dizkiguten bezala, musika eta sorkuntza ere irakatsi behar digute. Haurrek askoz ere gehiago xurgatzen dute guk baino, hortaz,beharrezkoak dira horrelako iniziatibak.
Goñi: Helduak direnean kultura aberatsago bat izango dute, eta kultura kontsumitzeko beste pentsamoldea izango dute. Euskal gizartean sortu den ideiarekin hautsikoa lukete, guztiak dohainik izan behar duenarekin. Ideia hori kaltegarria da, sorkuntzari trabak jartzen baitizkio.
Perez: Hezten gaituzte pentsatuz artea bigarren mailako zerbait dela. Hezkuntzan kulturari seriotasuna eman behar zaio etorkizunean fruituak emateko.
Zuek garrantzia ematen diozue sorkuntzari. Detaile txikiena ere zaintzen duzue, musikan eta bideoklipetan ikusten da hori...
Goñi: Musika ez da bakarrik musika, eta Jon Berkhout ez da bakarrik musika. Azkenean, mundu bat da.
Lusar: Musika jartzen dugun mimo eta nahi guztia bideoklipean ere jartzen dugu. Guretzat oso garrantzitsua da, klik ematen dionean 15-20 segundo baitauzkazu jendeari zerbait erakutsi eta hor geratzeko.
Goñi: Jendea lotu egin behar duzu. Youtubek daukan inpaktua itzela da eta hori zaintzea garrantzitsua da.
Perez: Artea espresioa da eta musika espresioaren zatitxo bat da. Hortaz, hori bideoklipen irudiak, kontzertuetako argiak eta abar gehitzen badizkiozu, adierazkortasun gehiago lortzen duzu. Gainera, kasu honetan, bi lagunekin lan egiteko aukera izan dugu –Denis Conde eta Unai Rosen–, eta lan txukunak sortu dira.
37.600 bisita ditu The Pathek Youtuben eta Short Necked Giraffek 52.455.
Lusar: Guretzat erokeria bat da. Guk gure bizitzarekin jarraitzen dugu eta kanpokoa guztiz abstraktua da guretzat. Interneten horrelako datuak ikusten ditugu, zenbakia, baina ez dakigu gure lagunak 100 bider ikusi duen ala Australiako norbaitek ikusi duen. Ez dakigunez, gurean jarraitzen dugu.
Goñi: Baina gero ikusten duzu tontokeria batek milioi bat ikustaldi dituela...
Perez: Espainiako audientziei begiratu ezkero ere... Gauzak zenbakiekin baloratzea oso erlatiboa da.
Zuen bizitzarekin jarraitzen duzuela diozue. Herrian zer esaten dute?
Perez: Urte asko lokalean sartuta egon ginen, orduan jendeak ea taldearekin jarraitzen genuen galdetzen zigun. Ez zekiten utzita genuen ala ez. Gero, kantak entzutean, ez zuten sinesten hori gu ginenik.
Goñi: Jendeak perspektiba galtzen du. Uste dute irratian entzuteagatik eta Warnerrekin gaudelako aberatsak garela eta musikaz bizi garela. Hori ez da horrela.
Kultura baloratzen dugun moduagatik izango da, akaso.
Perez: Pertzepzio faltsu bat dago, bai. Badirudi musu-truk egin behar dugula guztia eta halere dirudunak garela, oso ongi bizi garela.
Goñi: Egia da ingurukoek beste era batera baloratzen gaituela, errespetu gehiagorekin.
Perez: Baina egia da, ukaezina, panorama oso tristea dala. Musika taldeak ONG batzuk garela dirudi askotan. Hor akatsa da kultura ez dugula seriotasunez hartzen.
Goñi: Aldaketei oso sentsiblea den alorra da eta krisiak zuzenean eragin du sektore honetan.
Warner aipatu duzue. Gorka Urbizuk Argia aldizkarian esandako hau etorri zait gogora: gurea izango da anbizioa gaizki ikusita dagoen lanbide bakarra. Gure gutxizaletasunari esker, eroso gaude gure txikitasunean, eta orain dela 25 urteko arazoei egozten dizkiegu erruak. Hortxe gabiltza gure branka txikiekin akuarioan gustura, A-8an bira egiten, itsasora irten nahi duenari buruz gaizki esaka. Eskertuko nuke beste askok akuarioko errege izaten saiatu beharrean itsasora irteteko ahalegina egingo balute.
Perez: Oso mentalitate itxikoak gara. Finean, lan hau guk egin genuen, gure kabuz. Behin amaituta, grabatu ondoren, Warner etorri zen. Hasieran jendeak usten zuen Warnerren produktua ginela, eta ez zen horrela. Dena den, ez dago bide zuzen bakar bat, talde bakoitzak bilatu behar du bere bidea.
Goñi: Gauza guztiek dute bere alde txarra eta ona.
Orion jotzeak zer du onetik?
Goñi: Izugarrizko gogoa daukagu. Esan zigutenean ez genuen sinesten ere, Orion hori muntatzea. Gugatik primeran!
Perez: Meritu asko dauka, biztanleria txikiko herria izanda hori egitea. Ea harrera ona duen eta urteroko zita bihurtzen den.