Sara Iparragirre: "Sorpresa handia bezain polita izan da emakumezkoen ligan jokatu ahal izatea"

Karkara 2014ko aza. 10a, 08:44

Eskola kirolean egin zuen bere lehen saskiratzea eta ordutik saskibaloiari lotua dago Sara Iparragirre –Orio, 1998–. Orion hasitako bidean aurrera egin du, Zarautzera joan zen eta orain Donostian dago, Donostia Basketeko jokalaria da.

Zergatik saskibaloia?

Eskola kirolean genbiltzan eta iritsi zen momentu bat noiz hiru kiroletako bat aukeratu behar izan genuen. Duda askoren ondoren saskibaloia aukeratu nuen.

Ez zeneukan argi?

Ez. Azkenengo momentu arte dudatan izan nintzen. Gurasoek erabakia hartzen lagundu zidaten, saskibaloian hobeto ikusten nindutela esan zidaten, eta kirol hori aukeratu nuen.

Hartutako erabakiaz ez zara damutuko, ezta?

Ez, ez.

Orion hasi eta berehala Zarautza joan zinen.

Infantilen lehen urtea Orion egin nuen. Gero, Zarautza joan nintzen. Gustura egon naiz bai batean, bai bestean. Oso eroso sentitu naiz bi taldeetan, oso pozik.

Aldaketa handia izan al zen?

Betidanik ondo hartu naute, ez dut zailtasunik izan harremanak egiteko eta horrek guztia errazten du. Talde giro onean aritu naiz beti eta horrek arindu egiten ditu hasierako urduritasun guztiak.

Urte dezente egin duzu Zarautzen. Han zinela deitu zizuten Euskadiko selekziotik.

Gipuzkoako taldea egin zuten lehendabizi eta handik ez ninduten deitu. Ezin izan nuen hainbat entrenamenduetara joan eta horrek eragina eduki zuen. Gero bai, Euskadiko selekzioa osatzeko deitu ninduten. Oso pozik hartu nuen albistea eta txapelketan emandako mailarekin oso pozik geratu nintzen. Lehen aldia zen selekzio bateko kide nintzela eta esperientzia gogoangarria izan zen. Bigarren geratu ginen.

Taldeen arteko lehia igo egin zen, ezta?

Bai, lehia altua ze eta emaitza polita eskuratu genuen, baina ni normalean disfrutatzera joaten naiz.

Bai?

Ni behintzat, bai. Beti da hobea irabaztea, baina ondo pasatzea da nire helburua.

Selekzioan sartzeko aukeraketa prozesuak zaildu egiten du gozatzea?

Lehen urteetan urduri jartzen nintzen, oso. Denborarekin konfiantza gehiago hartzen joan naiz eta ez dit horrenbeste arduratzen.

Zarautzetik Donostiara joan zara aurten.

Iaz Zarautzen jokatzen nuen eta oso gustura nengoen, baina Donostia Basketera etorri naiz aurten. Autonomikoen lehen ligan jokatzen dut, senior mailan. Emakumezkoen liga, lehen mailakoa, ere badu talde honek eta berekin entrenatzen dut batzuetan. Jolasteko aukera ere izan dut.

Eta, zer moduz?

Hiru minutu jokatu nituen, gutxi. Baina horrela asten da eta bizitako esperientziarekin pozik nago oso. Inoiz espero ez nuen momentu bat da, sorpresa handia bezain polita izan da!

Ohiko taldea zein mailatan dago?

Emakumeen ligan dago lehen taldea, gero bigarren maila dago eta ondoren nik jokatzen dudan taldea. Aurten hasi naiz eta oso gustura nago, serioagoa da eta kontzentrazio handiagoa eskatzen du.

Aldaketa handia izan da Zarauztik Donostiara joatea?

Lehen esan dudan bezala pertsonek asko samurtzen dituzte horrelako aldaketak. Nik entrenatzailea ezagutzen nuen, Euskadiko selekzioko entrenatzailea ere bera baita. Taldekide bat ere ezagutzen nuen. Horrek guztiak erraztu egiten du.

Maila aldetik, aldaketa handia da?

Bai, hori bai. Esan bezala gogorragoa da. Horrez gain, jokalarien arteko adin tartea ere handiagotu egiten da. Nik hamabost urte ditut, baina gure ligan badira 30 urte ingurukoak. Horien aurka jokatzen dugu eta guk biziagoak edo erresistentzia handiagoa izan arren, berak esperientzia daukate. Epaileak ere, askotan, aldeko dauzkate. Zaharragoak direnez enpatia gehiago izaten dute berekin.

Udaran Espainiako selekzioarekin jokatzeko aukera izan zenuen. Hor ere saltoa nabarituko zenuen, ezta?

Izugarrizko esperientzia izan zen hura. Europa guztiko jokalarien aurka jokatu nuen eta lagun asko egin nituen. Horrez gain, beste hainbat tokitan saskibaloi eta kirol kulturak nolakoak diren ere ezagutu nuen. Selekzioan bertan nabarmenak ziren probintzia batetik bestea aldaketak. Baziren batzuk ikasi eta entrenatu eskola berean egiten zutenak, klub moduko batean. Eta hori nire adinarekin...

Gazteegiak horretarako?

Serioegia iruditzen zait. Niri deituko balidate ezetz esango nuke.

Zein dira, bada, zure helburuak etorkizunera begira?

Nire helburua pixkanaka-pixkanaka hobetzen joatea da, minutu gehiago lortzea. Gero eta hobea izan nahi dut eta gero eta gorago joan. Nagoen bidean aurrera egin nahi dut.


 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide