Irudiekin eta hitzekin osatzen den ipuin kontakizuna

Karkara 2014ko azaroaren 3a

Ipuin japoniarrekin osatutako kontakizuna egingo du gaur Ines Bengoak Orioko liburutegian, arratsaldeko 18:00etan

Kazetaritza ikasitakoa, antzerkigintzan aritutakoa eta gorputz komunikazioa eta adierazkortasuna landutakoa da Ines Bengoa. 10 urte daramatza istorioak kontatzen, han eta hemen. Gaur Orioko liburutegian egingo du geldialdia.

Bengoarentzat ez da lehen aldia izango, lehenago ere aritu baita ipuinak kontatzen Orioko liburutegian. Ezagutzen duten haurrek, lehenago ere etorritakoa baita. Gaur, beste ipuin bat kontatuko du, arratsaldeko 18:00etan. Bost eta zortzi urte bitarte haurrei zuzendutako saioa izango da gaurkoa, non Kamishibai izeneko istorioa kontatuko duen.

Ipuina entzuten duten bitartean ilustrazioak ikusi ahal izango dituzte gaztetxoek. Kaxa batean irudiak izango ditu, ulergarritasuna bermatzen eta txikienen arreta bereganatzen. Guztira 50 min iraungo ditu kontakizunak eta kultur aniztasuna izango du ardatzean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide