Hasi da Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Liga, hasi da 2015 denboraldia. Larunbat honetan izan da lehen jardunaldia, azaroaren 1ean, Irunen. Goizean goiz ekin zioten denboraldiari eta Oriok aurkeztutako 29 ontziak txukun aritu ziren. Guztira 13 garaipen eskuratu zituzten oriotarrek.
Kadeteetan maila paregabea
Gizonezkoetan, lehen garaipena 4X KM kategorian etorri zen. Orio A izenarekin uretaratu ziren kadete mutilak 15:29,23 denborarekin garaipena eskuratu zuten eta 80 puntu lortu zituzten. Emakumezkoek ere garaipena eskuratu zuten kategoria berean 17:45,28 denborarekin.
2X KM kategorian ere Orio izan zen garaile. A taldeak eskuratu zuen lehen postua 16:14,41 denborarekin eta bigarren postuan ere oriotarrak gelditu ziren 17:09,78 denborarekin. Emakumezkoen kasuan ere Oriok irabazi zuen 19:03,12 denborarekin. Oriok bi talde aurkeztu zituen kategoria honetan eta bestea laugarren postuan helmugaratu zen.
1X KM kategorian Orio hirugarrena izan zen helmugako marra zeharkatzen; emakumezkoetan ere hirugarren sailkatu zen.
Infantiletan sei garaipen
Infantil mutilek, 8X kategorian, garaipena eskuratu zuten Hondarribia baino 2 minutu eta 14 segundo lehenago helmugaratuta.
4X kategorian, infantil mutilek, garaipena erdietsi zuten. 16:41,92 denbora egin zuten eta 80 puntu eskuratu zituzten. Nesken kasuan Oriok bi ontzi aurkeztu zituen eta lehenengo eta hirugarren sailkatu ziren. 18:40,05 denborarekin irabazi zuten estropada oriotarrek.
Infantilek mutilek, bikotekako modalitatean, lehen eta bigarren postuak eskuratu zituzten 19:04,56 denborarekin eta 22:32,46 denborarekin, hurrenez hurren. Infantil nesken kasuan Orio A taldeak eskuratu zuen garaipena 20:58,98 denborarekin.
Banakako lehian, infantil mutilen kasuan, laugarren helmugaratu zen lehen Orioko arraunlaria. Nesken kasuan Orio A izenarekin irten zen arraunlariak lortu zuen garaipena 20:35,43 denborarekin. Hirugarren helmugaratu zena ere oriotarra izan zen, 3 minutu eta 19 segundora.
Jubeniletan ere fin
Jubeniletan, 4X modalitatean, 22:18,74 denborarekin garaipena eskuratu zuten oriotarrek. Banakako kategorian ere lehendabiziko postuan zeharkatu zen oriotarra.