Iker Gurrutxaga: "Lortutakoa sari bat bezala ikusten dut"

Karkara 2014ko urr. 31a, 15:12

Euskadiko lurraldekako txapelketa hasiko da gaur. Gipuzkoako selekzioetan bi oriotar izango dira: Iker Gurrutxaga entrenatzaile laguntzaile lanetan eta Jairo Torres infantil mailan jokalari.

14 urterekin hasi zen entrenatzen. Urte betera hastapeneko titulua atera zuen, lehengo urtean lehen mailako titulua atera zuen eta aurten bigarren mailako poltsikoratu du. 15 denboraldi egin ditu entrenatzen eta bide horretan aurrera segi nahi du Gurrutxagak.

Gipuzkoako selekzioko entrenatzaile laguntzaile zara eta gaur hasiko duzue Euskadiko txapelketa. Zelan?

Jendeak ez dio garrantzi berezia ematen txapelketari, baina jokalarientzat oso berezia da. Jokalari guztien nahia da Espainiako txapelketan jokatzea, hori baita erakusleihoa, eta gaur hasiko den txapelketak ateak irekitzen ditu hara joan ahal izateko.

Hiru probintzien artekoa da; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa izango dira aurrez aurre. Guztiek guztien aurka jokatuko dute. Bi irabazten dituenak txapelketa eramango du; bat-bat-bat kasua emango balitz saskiratze kopurua hartuko litzake kontuan.

Taldea osatuta daukazue, prest gaurko. Zaila izan da prozesu hori?

30 jokalarirekin hasi ginen eta 12rekin amaitu dugu. Aukeraketa-prozesua ez da batere erraza izaten, galbahe hori pasatzea ez baita xamurra. Lehendabizi gure interesen araberako aukeraketa egiten dugu. Horretarako partiduak ikustea komeni da, baina aurten nik ez dut horretarako aukerarik izan. Abuztuaren amaieran jakin nuen laguntzaile izateko aukeratua nintzela eta irailaren 12rako lehen zerrenda aurkeztu behar nuen. Garai hartan ez zegoen inor martxan, ez zegoen lehiaketarik.

Eta nola egin zenuen?

Kontaktuetara jo nuen. Inpartziala izaten ahalegindu nintzen; Ordiziara deitu eta beasaindarrengatik galdetu, eta horrela.

Hori da filtro bakarra?

Beste bi daude: klubak eta entrenamenduetan erakutsitakoa. Behin gure aukeraketa eginda taldeekin jartzen gara harremanetan. Eta ondoren, hasierako talde horrekin entrenamenduak egiten ditugu. 

Zenbat?

Guztira zazpi egin ditugu. Saio horietan aukeratu egin duzu txapelketara eramango duzun taldea. Galbahea, hasieran, ez duzu estua jartzen baina pixkanaka-pixkanaka estutzen joaten zara.

Posible da Euskadiko selekziora joatea Gipuzkoarrean egon gabe?

Normalean, Euskadiko selekzioko deialdia gure hautaketatik egiten da, eta hortik, Espainiakoa. Kasuak daude, Sara Iparragirrerena adibidez, Gipuzkoako selekziotik deitu ez zutena eta Euskadiko selekziotik bai. Gainera, izugarrizko txapelketa egin zuen.Entrenatzaile bakoitzak bere gustuak dituen seinale, ezta?
Guri ere kosta egiten zaigu adostasun batera iristea. Ez da erraza. Azken hitza duena hautatzaile printzipala da eta berak erabakitzen duena onartu behar izaten dugu. Gertatzen da jokalari hobea den hori kanpoan geratzea eta beste bat eramatea, jokalari batzuk lortu nahi duzun talderako egokiagoak baitira nahiz eta bakarka horren onak ez izan.

Hala ere, orain aukeratzeak ez du esanahi etorkizun oparoa izango duenik...

Sorpresak hartzen dituzu, onak eta txarrak. Orain kanpoan uzten duzuna generazioko hoberena izan daiteke etorkizunean, eta aurkakoa ere gertatzen da. Badaude zilarrezko mailara edo laugarren mailara iritsiko daitezkeenak, hori ikusten da, baina beti umiltasunez tratatu behar dira. Maila horiek futbolarekin alderatuz gero 3. maila edo 2. B maila izango lirateke. Kirol ibilbide arrakastatsua lortu dezaketenak badaude, nahiz eta profesionalak ez izan.

Askorentzat futbola eta saskibaloia alderaezinak dira, baina niretzat ez da horrela. Gainera, saskibaloian handicap handi bat dago, gorputza. Asko baldintzatzen zaitu.

Hortik bizi daitezkeenak gutxi dira, hortaz.

Alderatzen jarraitzen, esan, futbolean 2.B mailako jokalari izatea ogibide dutenak. Saskibaloian hori ezinezkoa da; ACB ligari begira edo ACB ligatik datorrenak soilik bizi daiteke kirol honi esker.

Zailtasun gehiago daude profesionala izateko...

Ikasten ari den pertsona batentzat zailagoa da profesional izatera iristea.Maila horretan kirola egitea eta ikasketak uztartzea zaila da oso. Gutxi dira profesional izatera iritsi direnak entrenatzen nagoenetik. Gainera, umil-umil egoten dira, beti ikasten. Argi dute behera begira bizi direla eta hankak lurrean izaten dituzte.

Adin hori etorkizunera begira jartzeko ez al da goizegi?

Nire ustetan etorkizunera begira egiten den zerbait da. 15 urterekin lantzen baduzu eta ikusten baduzu ona dela, bideak azkarrago ireki diezazkiokezu eta berak lehenago ikusi dezake ea bere ogibidea izan daitekeen edo ez. Lehentasunak jartzeko egokiagoa da.

Baina horrek maila handia eskatzen du gazte-gaztetatik.

Eskakizuna handia da, baina gu –selekzioa– kontziente gara hemen daudela maila polita dutelako, hortaz, sari bat bezala hartu behar dute. Ez dute itsutu behar. Entrenamenduetan ahal duten guztia eman behar dute, saiatu egin behar dute, eta guk, fisikoki eta psikologikoki nola dauden jakin behar dugu.

Kanpoan geratzen den hori zer moduz dagoen jakin ere saiatzen gara, harremana ez eteten. Inori mina ez egiten ahalegintzen gara eta hasieratik argi uzten hor egotea saria dela eta kanpoan geratzea ez dela zigorra.

Baina kanpoan geratzeak ez du xamurra izan behar...

Ez da erraza, ez. Batzuk entrenamenduetako ariketak akaso ez dituzte ongi egiten, baina lehiatzen oso onak dira. Guk ezin dugu guztia ikusi eta ikusten dugun horren baitan hartu behar ziaten ditugu erabakiak.

Saiatzen gara jokalariak lasaitzen, erakusten ez duela garrantziarik. Jokalari bezala berdin-berdin haziko dira aukeratuak izaten badira ala ez badira.

Oriotar bat barruan da, Jairo Torres.

Bera Nikaraguakoa da eta beste kultura batetik datorrela begi bistakoa da. Oso amerikanizatuta dago, bai jokatze moduan, baita filosofian ere. Horrek ez du kentzen artega ez dela jartzen. Oso urduri jartzen da entrenamenduetan. Galdera asko egiten dizkio bere buruari eta sarritan ez du ulertzen zergatik bere taldekide bat ez duten aukeratu.

Badira urduritasunagatik gaizki pasatzen dutenak eta joan nahi izaten ez dutenak.

Eta entrenatzaileek hori nola hartzen dute?

Batzuek ez dute ulertzen haur batzuk kirola gozatzeko egiten dutela. Ingurutik atera gabe daude eroso jokalari batzuk eta ez dute lehiatzen hasi nahi beren klubekoa ez den jendearekin. Guztiek ez dute helburu berberarekin egiten kirola. Entrenatzaile batzuk honen aurrean itsutu egiten dira...

Eta gurasoak?

Oso lehiakorrak dia. Lehiakorra izan behar da, baina natural atera behar zaizun zerbait da, ez da behartu behar. Entrenatzaile eta guraso askok behartu egiten dute. Nik ere irabaztera jokatzen dut, baina ez edozein preziotan irabaztera.

Bideak progresiboa izan behar du, eta progresio horretan gurasoen papera oinarrizkoa da. Ez du gainean egon behar, animatu egin behar du, txalotu. Ez du giroa gaiztotu behar eta horretarako joera asko dago.

Kasu asko ematen dira?

Lehengo urtean izan nituen pare bat tirabira Orion, eskola kirolean. Zortzi urteko umeak ziren, espazioan kokatzen ere ez dakitenak, hasi berria. Epailea ere ikasten ari zen. Harmailetan gurasoak zeuden, garrasika, pausoak eskatzen. Ume horiek ez dakit zer diren pausoak, arbitroa ikasten ari da... zer egin behar dute, ez jokatu?

Kasu horretan gurasoek animoak eman besterik ez dute egin behar.

Gurasoen eragina umeengan itzela da ezta?

Bai. Zarautzeko ikastolakoekin, iaz, tirabira bat egon zen eta partidua galdu zuten. Gurasoek epaileari deitu zioten eta guztiek epailea zoriondu eta txalotu zuten. Galdu arren, konturatu ziren berak errurik ez duela. Keinu horrekin haurrek ere ikusi zuten polemikagatikg aldu arren kulpa ez dela epailearena.

Lehia sanoa edukitzea gaur egun zaila da?

Oso. Ni lehiaren alde nago, finalen alde, baina iruditzen zait galtzen ikasi behar dela, baita irabazten ere.

Eta gurasoak partiduetara joatea garrantzitsua da?

Normalean joaten dira, baina bada adin tarte ohitura galtzen dutena. Nire ustez oso garrantzitsua da joatea; zaila da batzuetan, baina aitzakia merkeak ere jartzen dituzte beste batzuetan. Ume askok diote ez dutela gurasoak joatea nahi, baina gero eskertu egiten dute, beste lasaitasun eta babes bat daukate. 

Gainera, umea berotzen bada eta ez entrenatzaileak, ez taldekideek ezin badute lasaitu, gurasoak dira baretu dezaketenak.

Orion nola ikusten duzu saskibaloia?

Barrutik begiratuta zer hobetua daukagula ikusten dut; dezente, gainera. Pausu kualitatibo garrantzitsua eman dugu, sei neskek entrenatzaile titulua atera dutelako eta nik ere pauso bat aurrera eman dudalako bigarren mailako titulua eskuratzean. 

Neskekin egin duzuen lanak eman ditu fruituak.

14 urtetan ez zen saskibaloi talderik egon Orion. Jokalari askok beste kiroletara bideratu zituen horrek; oso adibide gutxi daude Zarautzen egin dutenak ibilbidea. Berriz ere saskibaloiean gogotsu 1996ko neskak hasi ziren. Lan oso polita egin zuten Ixa, Fatima eta Ainhoak eskola kirolean eta berekin talde bat osatu zuten.

Urte betera, 11 jokalari zeuzkaten eta Ainhoak eta Ainarak hartu zituzten. Bost urtez talde hori ia-ia osorik mantendu da eta beste neska askorentzat erreferente izan dira. Orain talde horretako 5 edo 6 seniorretan jokatzen dabiltza.

Eta mutiletan?

Mutil batzuk futbolera joateko utzi zuten saskibaloia, baina berriz itzuli dira. Izugarrizko sorpresa hartu nuen, asko poztu nintzen.

Egindako lanaren seinale da hori?

Bai, lan handia egin dugu oinarrian. Gu Orion eragiten saiatzen gara, oriotarrekin lan egiten. Urte batzuetan Zarautzera eraman behar izaten ditugu duten mailagatik, Sararen kasua da hori adibidez. Ez dugu emaitzei begira lan egiten, baizik eta ohiturei begira. 

Aurten lau talde osatu ditugu Orion bertan, 48 ume oriotar dauzkagu.

Eskola kirolarekin uztartu behar izaten duzue.

Eskola kirola errespetatu behar da, bai ala bai. Batzuk ez duten egiten, baina guk argi daukagu osagarriak direla, horregatik itxaron dugu eskola kiroleko ordutegiak edukitzera 5 eta 6. mailakoekin hasteko.

Eskola kirolean, ZASTen... eta aurten Gipuzkoako selekzioan ere izango zara entrenatzaile. Nola hartu zenuen albistea?

15 denboraldia da hau entrenatzaile lanetan arituko naizena. Jokalari bezala bi urtez ibili nintzen, 24 eta 25 urterekin, probatzeko. Baina, betidanik, entrenatzailea izatea zen nire helburua. Gogoan dut hastapen titulua atera nuena 15 urterekin, lehengo urtean lehen mailakoa atera nuen eta aurten bigarren mailakoa. 

Udaran izaten dira entrenatzaile titulua ateratzeko eskolak, arratsaldero-arratsaldero. Asko saiatu naiz, ikastera joan naiz, gogotsu, eta aukera aprobetxatu dut. Lortutakoa sari bat bezala ikusten dut.

Non izan zara entrenatzaile?

Maila apaletan ibili naiz orain arte; gustura, gainera. Ez dut gehiago eskatu, ez delako nire izaera eta lehendabizi ahal nuen gehien formatu nahi nuelako. Gainera, niri talde-erronkak gustatzen zaizkit. Ezagutza gutxi duten jokalariak hartu, taldea egituratu eta zerbait polita egin dezaketela sinetsi. Atzera begira horretan aritu naiz. Horrela lan eginda burua aurrera pauso bat emateko prest ikusiko dut.

15 urteko esperientziarekin jada prest egongo zara...

Lehen hamar denboradietan ez nekien saskibaloiaz. Entrenatzaile lanak egiten nituen, ahal nuen bezala. Azken hiru urtetan nire taldeetan nire arrastoa uzteko gai izan naizela esango nuke, aldaketa hori eman dut.

Etorkizunari begira, ze asmo?

?Hurrengo urteari begira, ekonomikoki posiblea bada, azkeneko titulazioa aterako asmotan nago.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide