Hondakinak gaika jaso eta birziklatzeko premia ikusten du Udal Elkarteak. Horretarako hainbat kanpaina jarriko dira martxan, herritarrak sentsibilizatzeko asmoz eta konposta egiteko eta hondakinak gaika biltzeko helburuarekin. Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak azaldu du zerbitzuak jarriko direla hori guztia errazteko.
Etxeko hondakinak eta arropa jasotzeko zerbitzu berria
Orain arte arropa jasotzeko erabiltzen ziren edukiontziak kendu eta berriak jarriko dira. Edukiontzi berrietan arropa eta etxeko hainbat hondakin jaso dira. Zerbitzu honen helburua etxeko hondakin horiek bereiztea eta berrerabiltzea da.
Guztira 23.870,01 euroko kostua du zerbitzuak, orain arteko arropa eta ehunkiak jasotzeko zerbitzuen antzerakoa. Udal Elkartearen lehendakariaren ustetan kostu berarekin zerbitzu hobea eskaintzea lortu dute.
Hona hemen jasoko diren hondakinen zerrenda:
- Arropa eta ehunkiak: janzteko arropa, etxeko arropa, poltsak, gerrikoak, oinetakoak…
- Jostailuak: panpinak, jostailuzko kotxeak, pelutxeak, puzzlea, mahai-jolasak, pilak dituzten jostailuak, sehaskak, motxilak…
- Liburuak: denetariko liburuak
- Aparailu elektriko eta elektroniko txikiak: erreminta elektrikoak, etxeko tresna elektriko txikiak, kamerak, telefonoak, ordenagailu eta produktu informatikoak, bideo kontsola eta jolasak, telebistak eta ordenagailu pantailak, teklatuak, organo elektronikoak, mp4ak, DVD eramangarriak…
- Bitxiak edo bisuteria: lepokoak, eraztunak…
- Bazarra: erremintak, tresnak, sukaldeko ontziak eta gauzak, figuratxoak, koadroak, lanparak…
Arropa eta ehunkiak poltsetan sartuta utzi behar dira. Ontziak Aian eta Orion egongo dira; bi eta lau, hurrenez hurren. Biltzen den hondakinak berrerabili edo birziklatu egingo dira.
Edukiontzian ez dira utzi behar garbitzeko tresnak, ebakitzeko gauzak, produktu urratzaileak, pilak, pertxak, baxera, kristaleria, bolumen handiko hondakinak eta etxeko hondakin arriskutsuak. Horiek garbigunera eraman behar dira.
Kanpaina batzuk jada martxan jarrita daude; beste batzuk hastear. Beira eta ontzi arinak birziklatzeko kanpainak martxan jarri dira eta ikastetxeetako kanpainak urtetik urtera jarraipena dute:
Beira birziklatzearen garrantzia
Irailaren 26an Aian eta urriaren 10ean Orion informazio karpak jarri dira herritarrak beira birziklatzearen garrantziaz jabetzeko. Aian 100 pertsonak hartu zuten parte eta Orion 70 herritarrek.
Kanpaina honetan telebista bat zozketatu da parte hartzaile guztien artean eta Zarautzeko Bartolo Jatetxea izan da irabazlea.
Ontzi arinak jasotzea helburu duen kanpaina
Urola Kostako Udal Elkarteak eta Ecoembesek elkarrekin egindako kanpaina izan da. Paper, kartoi, plastiko eta brik ontziak gaika egoki biltzearen garrantzia azpimarratzea eta gogoraraztea izan da kanpainaren helburua.
Kanpaina honekin ere karpa informatiboak jarri dira; Aian, irailaren 27an eta Orion, urriaren 11n. Jolas bidez ontzi arinak gaika bereiztearen garrantzia azpimarratu da. Aian 75 herritarrek hartu zuten parte eta Orion 260k.
Beiraren kanpainan kalitatezko produktuen otar eder bat zozketatu da eta Jose Maria Arrondo oriotarrak irabazi du saria.
Ikastetxeetan bi kanpaina urtero-urtero
Urola Kostako Udal Elkartea 2001ean hasi zen ingurumen sentsibilizazioko kanpainak egiten eskualdeko ikastetxeekin. Bi kanpaina egiten dituzte urtero: batetik, Eskolako Agenda 21eko programa eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoen kanpaina.
Eskolako Agenda 21: elikadura jasangarria
Eskola Agenda 21 hezkuntza-komunitateak ikastetxeetako eta bere inguruko ingurumenaren kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lan egiteko hartutako konpromisoa da. Urtero gai bat aukeratzen da eta hori lantzen da ikasturtean zehar. Ikasturte osoko lana izaten da eta maiatzean egiten den udalbatzarrean amaitzen da.
Eskualdeko ikastetxeetako LH5eko ikasleen sentsibilizazio kanpaina
Udal Elkartea 2001ean hasi zen kanpaina hori egiten eta geroztik urtero egin dugu. Helburua eskualdeko ikasleei hondakinen kudeaketaren oinarrizko printzipioak ezagutzera ematea da eta portaera iraunkorrak barneratzen joatea. Horretarako, bi egunez hainbat jolas eta irteera egiten dituzte.