Zeruan eguzkia da nagusi gaur. Lasarte-Oriako kaleetan berriz, Orioko tximista bat: Kamel Ziani. 33:26 minutu markatzen zituen markagailuak Zianik helmuga pasa duenean. 1.000 parte-hartzaile inguruk bete dute 10,5 kilometroko ibilbidea. Emakumeetan Karen Ortiz de Guinea hernaniarra izan da lehenengoa, 42:42 minutuko denbora eginez. Elbarrien kategorian berriz, Jose Antonio Iglesiasek poltsikoratu du garaipena gaurkoan.

Kamel Ziani: Arantza kendu ahal izan dut
Orioko lasterkari beteranoak txapela eskuratu zuen 33:26ko denboran ibilbideko 10,5 kilometroak eginda. Berak aitortu bezala, iazko bosgarren postua gainditu eta garaipena lortzeko helburuarekin etorri zen atzokoan herrira.
Ez zen lehenengo aldia maratoi lasterkari beteranoarentzat Lasarte-Orian. Nazioarte mailako garaipen asko lortutakoa da Ziani baina dagoeneko distantzia luzea utzita du eta herrikoa bezalakoetan parte hartzea gustuko du.
Nola sentitu zara korrika?
Hiru Hondartzetako krosa egitetik nator. Horretan hirugarren sartu nintzen, eta helburua zen hemen Lasarte-Orian garaipena lortzea. Iaz bosgarren sartu nintzen eta aurten arantza kendu eta garaipena lortzea nuen buruan. Gustura egin dut lasterketa. Pixkat sufritu dut ibilbidearen erdialdean baina konturatu naiz kideak ere sufritzen ari zirela eta eutsi egin diot.
Irabazle ikusten zinen?
5. kilometroan bakarrik ikusi naiz, bigarrenari 10 segundo atera dizkiot eta orduan bai, irabazle ikusi naiz. Azken kilometroan sufritu arren, garaipena gertu edukita, motibatu naiz eta ondo bukatu dut. Pozik nago lortutako denborarekin. Ez dut ondo gogoratzen baina uste dut duela urte batzuk marka hobea egin nuela hemen. Hala ere, irabazten denean, bigarren maila batean geratzen da denbora.
Hurrengo helbururik?
Urte asko eman ditut distantzia luzeko lasterketak egiten eta mundu guztiak galdetzen dit ea Behobia egingo dudan, eta ez, ez dut egiteko asmorik. Gozatzeko egiten dut orain korrika eta Lasarte-Oria Bai! moduko kros herrikoietan aritzen naiz.

Jose Antonio Iglesias: Ibilbidea asko gustatzen zait
1 zenbakia atera zuten gurpildun aulkian parte hartu zuten lasterkariek. Ostadarrek hauek egiten duten lana aitortu nahi izan zuen, omenaldi xume batekin. Iglesiasek urteak daramatza parte hartzen eta iaz bezala lehena izan zen atzo.
Jose Antonio Iglesiasek oso gustuko du proba eta ahal duen guztietan etortzen da.
Lehena izatea espero zenuen?
Oso ondo eta eroso sentitu naiz ibilbide osoan zehar eta eguraldi ona lagun asko gozatu dut lasterketa. Egia esan, ez nuen espero garaipena baina lasterketak aurrera egin ahala ikusi dut aukera nuela. Hamar urte dira gutxi gora behera, Lasarte-Oriako lasterketa honetara etortzen naizela eta asko gustatzen zait. 10,5 kilometroko ibilbidea oso gustuko dut.
Omenaldi modura, bat zenbakia eraman duzue aurten...
Bai eskertzekoa da Ostadarren aldetik. Hala ere, esan behar da antolakuntzak hemen asko zaintzen gaituela urtero-urtero. Gutaz oso pendiente egoten dira eta benetan guri ere badagokigu eskertzea boluntarioek egiten duten lan eskerga, pasada bat iruditzen zait. Hemen berriz ikusiko zaitugu orduan... Noski baietz! Ahal dudan guztietan etortzeko asmoa dut Lasarte-Oriara, Kros Herrikoian parte-hartzera.