Teodoro Mitxelena arrantzale bapore batean joan zen Donibane Lohizunera gerra etorri zenean. Bueltatu egin zen Oriora eta Goiko kaleko etxean zela, gaueko hamaika eta erdiak aldera, herriko serenoak Getariako hilerriraino eraman zuen. Han, tiro batez hil zuen oriotarra.
Orioko Udaleko Erregistro Zibilean, 12 urte beranduago, Teodoro Mitxelena Zumeta irailaren 8an desagartu zela zioen agiria eman zioten. Faltsua zen agiriak zioena, okerra. Orduan egindako okerra eta irekitako zauria sendatzeko asmotan omenaldi xume bezain beroa egin zien Mitxelenari pasa den ostiralean, 20:00etan, Orioko udaletxean.
Aretoa bete zen. Orain arte isilpean gorde behar izan duten hori hitzez kontatu zuten: Egunsenti otxoteak kantuan, Iñaki Iturain eta Imanol Manterolak errezitatzen eta hiru talde politikotako ordezkariek mozioaren testua irakurtzen.
Orioko Udalak orain arte jaso ez zuten aitortza eman nahi izan die gerran hildako guztiei eta bereziki Teodoro Mitxelena Zumetari.