Azaroaren 15ean, larunbatarekin, hasiko da modaren astea: Fashion week. Moda ardatz izango duen astea izango da, ekintza ugarikoa, oinarrian moda eta xedean Orio promozionatzea.
Asko jaitsi da kontsumoa Orion; herriko jendeak ez daki herrian denetarik duela, ez duela zertan kanpora joan behar nahi duen horren bila, aitortu du Ane Agirrebeñak. Bestalde, azken urteotan, Orio inguruan bizi direnek, galdu egin dute Oriora etortzeko ohitura. Donostiatik datozenek ez dute sekula geldialdia egiten Orion, zuzenean Zarautzera joaten dira, edo Getariara, edo Zumaiara. Eta Zarautz ingurukoak ere ez dira Oriora etortzen, azaldu du Josune Aranberrik.
Orio galtzen ari den bizi hori berreskuratzea da, hortaz, Orioko merkatarien helburua. Herriari bizia eman nahi diogu eta erakutsi nahi dugu Orion badagoela zer egin, zer erosi, zer jan. Nahi eta behar duzun guztia topatu dezakezula, dio Agirrebeñak.
Lehengo urtean egin zen lehenengoz Fashion Week ekimena eta berreskurapenerako lehen hazia izan zela gaineratu du Kristina Salsamendik: Pasa den urtean lortu genuen jendeak ikustea Orion kalitatezko produktuen eskaintza zabala zegoela; herrian bertan, kanpora atera gabe, edozer erosi dezaketela. Harrera ona izan zuen lehengo urtean, jendea gustura geratu zen desfilean ikusitakoarekin. Ezustean harrapatu zien Orioko denden eskaintza zabal bezain kalitatezkoak.
Lehen edizioko arrakasta ikusita, aurten, Fashion week festa Karela kiroldegian egingo den desfilearekin hasiko da. Pasa den urtean Arraun klubean egin zen, baina sarrerarik gabe jende ugari gelditu zenez, edukiera handiagoa duen espazio baten alde egin dute aurten. Dena den, sarrerak lehenbailehen erostea gomendatu dute antolatzaileek, lehengo urtean ziztu bizian saldu baitziren guztiak.
Guztira hamabi izango dira parte hartuko duten dendak: Nohah's secret, Ardatza, Kaioa, Izarra, Anarri, Optika Orio, Berezi, Lua, Naikari, Itziar Kirolak, Bi gurpil eta Orio shop. Horiez gain bi argazkilari ere izango dira: Rosana Arruti eta Maite Garcia. Sarrerak arestian aipatutako dendetan egongo dira salgai, bi euroren truke.