Denboraleak eragindako kalteak herritarrak kaltetuko ditu

Karkara 2014ko urr. 28a, 10:46

Kontradikearen konponketan Portu Zuzendaritzak du eskumena. Aurkeztutako proiektuan barra bi metro altutu eta lau zabaldu nahi da. Orioko Udala ez dago ados neurriarekin eta eztabaidatzen ari dira, kai-muturreko ibiltokia irisgarria egin ahal izateko

Pasa den neguan denboraleak bortizki jo zuen euskal kosta. Kalteak ekarri zituen Orion, larriena, barraren haustura. Ordutik, kai-muturrean zulo handi bat dago. Berriz ere negua datorkigu gainera eta barrak konpondu gabe jarraitzen du. Portu zuzendaritzari dagokio barra berregitea; baina diseinatutako proiektuaren arabera beren asmoa ez da barra berregitea, eraldatzea baizik.

Uztailaren erdi aldera iritsi zen proiektua udaletxera. Udal teknikariak egitasmoa irakurri bezain pronto txostena idatzi zuen, azkar batean, proiektuak ekarri ditzakeen ondorioaz jabetzeko. Zinegotziei gaiaren gaineko informazioa eman zitzaien, 180º itxuraldaketa jasoko baitu barrak.

Kezka alderdi guztiek azaldu zuten. Zergatik? Orain arte harrizko harriekin osatzen baitzen barra; eta orain, ordea, hormigoizkoekin egingo baitituzte kuboak. Materiala aldatzeaz gain kuboen altuera ere igo egiten da. Pasealekua bi metro altuagoa eta lau metro zabalagoa izango da. Oinezkoentzat pasealeku ederra da espigoia, aldaketa honekin ezingo dute ibiltokiaz gozatu. Aurrera joango dira eta, bat-batean, horma batekin egingo dute topo, azaldu digu udaletxeko teknikariak. Lehengo egoerara bueltatzea eskatzen du udalak. Herritarrek pasealekuaz disfrutatzeko aukera izatea nahi dute; eta pasealekuan argia eta bankuak egotea ere nahi dute.

Emergentziazko obra geldirik

Emergentziazko obra. Horrela izendatu zuten barra-konponketa. Uda sasoian hondartza erabili ahal izateko, obrak irailean hastea erabaki zuten. Garai horretan Orioko Udala Kilometroetan zebilen buru-belarri. Portu zuzendaritzak, ordea, proiektua martxan jarri zuen eta zuen geratzeko asmorik. Blokeak egin eta egin hasi ziren Ikastolen jaiko ibilbidea igarotzen zen tokian.

Udalak negoziatu egin nahi du, hitz egin. Akordio batetara iritsi nahi du, herritarrei duten altxorraz gozatzeko aukera eman nahi baitie, eta, azkenean, lortu dute guztiak mahai baten bueltan jartzea. Udalak enpresa eraikiltzaileari esan zion ez ziola utziko kamioei pasatzen, ez baitzuten kontuan hartu Orioko herria proiektua aurkezterakoan, azaldu du udaletxeko arkitektoak.Tira-bira horretan, lortu dute obra behin behineko gelditzea eta eztabaidatzea.

Seguruagoa, jasangarriagoa eta merkeagoa

Herrio Natur Taldea, Orioko Surf Elkartea eta hiru talde politikoak sailburuordearekin eta portuko teknikariekin bildu dira, urriaren 21ean, asteartean. Orioko Udalak zituen zalantzak adierazi zizkion Portu zuzendaritzari; eta hauek, azalpenak eman zizkieten.

Aukera asko ez daudela azaldu du Portu zuzendaritzak; ez bada altueraz handitu nahi, are gehiago zabaldu behar baita eta gehiago zabaltzeak itsasontziei eragingo baitie. Babes neurria da altuerarena, horrela eskatzen dute egindako azterketa guztiek.

Hormigoia harria baino merkeagoa da eta ingurumenari dagokionez jasangarriagoa omen da. Hor Portu zuzendaritzaren bigarren arrazoia. Material hori erabiltzea erabaki instituzionala dela argudiatu dute, eta, gainera, hormigoia birziklagarria da.

Orioko udal arkitektoak azaldu du lehen etxeetako hormak harriarekin egiten ziren, eta haren soberakinak itsasorako blokeak egiteko erabiltzen zirela. Orain, aldiz, eraikuntzaren krisiarekin gutxi ekoizten da, eta lehen errefusa zena lehengai bihurtu da, hortaz, ez da horren merkea.

Irisgarritasuna ezinbestekoa

Orioko Udalak uste du segurtasunaren aurrean zaila dela argudiatzea, izan ere, segurtasuna bermatzea ezinbestekoa da. Baina paseoa bi metroko altuerako pareta batean bukatu ordez, amaieraraino iristea ahalbidetu nahi du; irisgarri egin nahi du ibiltokia. Horretarako barra hasieratik aldapa bat egitea proposatzen dute, bi metroko altuerara iritsi arte. Oinezkoek ez lukete ia-ia antzeman ere egingo eta pasealekua mantenduko genuke, dio udaletxeko arkitektoak.

Inpaktu bisuala izango da, adierazi du arkitektoak eta gaineratu du material ezberdina izateak estetikoki eragina izango du, eta altuagoa egiten badugu, are gehiago. Estetika kontuez gain, erabilera arazoak ere ekartzen ditu. Oso garrantzitsua iruditzen zaio udalari irisgarria izatea, eta horregatik jarri du hor fokua, azaldu du.

Obra Portu zuzendaritzaren eskumena da eta udalak ez du esku-hartzerik. Dena den, udala ahaleginduko da bi metroko horma jarri ordez ibiltokia herritarrentzat irisgarria egiten. Presazkoa kontua da, negua ate joka baitago eta aurreikuspenen arabera denborale ugari izango baititugu.

 

Orain

Eskumena Portu Zuzendaritzarena da. Egitasmoa onartua dago eta obra Moyua enpresari adjudikatua eta sinatua dago abuztuak 1tik aurrera.  Udala –3 alderdiak ados daude– ez dator bat egitasmoko zenbait atalekin, ondorengo hauek:

1. Hormigoia harria beharrean jartzearekin

2. Tontorreko kota 2 metro igotzearekin

3. Honek azken 100 metroak irisgarriak ez direla izango suposatzen du

4. Argiztapen eta altzari gabe azken 100 metroak

Astearte honetan bertan izan dugun bilera, argi geratu da ezer gutxi egin dezakegula harria berreskuratzeko edo altuera jaisteko. Segurtasun arrazoiak argudiatzen dituzten azken puntu honetan. Baina badirudi irisgarritasuna lor dezakegula eta helburu horrekin kontaktuan jarraituko dugu Portu Zuzendaritzarekin. Dagoeneko, dezente aldatu da lehen genuen barra itxuran, baina, behintzat, erabileran aldaketa gutxi izan ditzan saiatuko gara, herritarrek gustura paseatzen jarraitu dezaten.

EAJ

Gure iritziz lehenbailehen hasi behar dira lanekin, izan ere, negu partean obra horiek gauzatzea zailagoa izaten da denborak ez duelako laguntzen. Blokeak zein materialetan joan behar duten kontuaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak azaldutako irizpide medioanbientalak ulertzen ditugu eta irizpide horiekin bat egiten dugu. Gure taldeak barrak oinezkoentzat ibilbidea izaten jarraitu behar duela ere adierazi nahiko luke.

Bildu

Portuetako agintaritzaren obra barran. Etorkizunean horrelakorik ez gertatzea gure esku dago.

2014ko otsaileko ekaitzak pasata ekaina zen alkateak Portuetako agintaritzako zuzendari Almudena Ruiz de Angulori aurrez aurre azaldu ziona uda aurretik obra ez egitearen desadostasuna, eta,egoeraren aurrean, udalak zuen kezka. Honen berri eman genuen Diario Vasco-n ekainaren 8an publikatu zen albistean. Izan ere, uda aurretik egokitu beharreko obraren lanak atzeratu egingo zirela ekainean jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak, baita proiektua egiteko materiala garestitu zela eta behar adina diru ez zegoela hasierako obra egiteko. Proiektua aldatzera zihoan Eusko Jaurlaritza. Obra merketzera nola ahala. Bilera batean harriaren ordez hormigoia erabiltzeko asmoa ere aipatu zuen lehen aldiz. Hori uda aurretik.

Urria hasieratik ari dira hormigoizko blokeak egiten autopista azpiko aparkalekuan. Udalak oraindik lanak hasteko beharrezko baimenik eman eztion arren Portu zuzendaritzari. Zergatik? Proiektuarekin ez dagoelako guztiz ados.

Izan ere kontradikea –barra bezala ezagutzen duguna– konpondu ordez berregitera doaz. Hormigoizko harri bloke handiekin egitea erabaki dute, eta ia bi metroko altuera gehitzea barrari muturrerako azken 100 metroetan. Oinezkoentzako pasealekurik ez azken metro hauetan. Ez argi ezta bankurik ere.
Eusko Jaurlaritzako Portuetako zuzendaritzarena da obraren eskumena, eta urgentziazko obra izendatuta dago gainera. Beraz, ezer gutxi egiteko. Baina Orioko udaleko hiru alderdiek hala adostuta, obrarako baimena eman aurretik honako eskariak egin zizkion duela hilabete Portuetako agintaritzari: 1- hormigoizko blokeak beharrean harrizkoak jartzea. 2- oraingo altuera bera mantentzea. Bide batez, ingurumenaren gaineko eraginen azterketa bidaltzea, altuera handitzeak izan ditzakeen kalteak aztertu diren jakiteko. 3-  Pasealekua lehen bezala barraren bukaeraraino iristea. 4- Argiteria eta eserlekuak barraren bukaeraraino iristea.

Laburbilduz, orain arteko itxura bera mantenduta puskatutako barraren zatia konpontzea.

Pasa den astean udaleko ordezkariak eta herriko eragile diren Herrio natur taldea eta Orioko Surf Taldearekin bildu ginen Portuetako zuzendaritzarekin, proiektuaren inguruko zalantzak argitzeko eta udalak egindako eskarien inguruan eztabaidatzeko. Ingurumenari dagokionez jasangarriagoa dela hormigoia erabiltzea eta barrari altuera ematearen arrazoia segurtasuna bermatzea dela adierazi ziguten. Erabakia aldaezina zela ere azpimarratu zuten. Irisgarritasunari dagokionez prest azaldu ziren hitzarmen bidez gai hau udalarekin aurrerago lantzeko.

Erantzun azkarrak beraiek, eta gu berriz, zalantzak airean. Jasangarritasun irizpideak edo egoera ekonomikoa kontuan hartuta erabaki dute zein material erabili barra berregiteko? Bai baitakigu inguruko harrizko kanterek asko garestitu dutela harriaren prezioa, baita harriak garraiatzea ere. Beharrezkoa da bi metroko altuera gehitzea barraren azken zatiari? eta oinezkoei pasabidea galaraztea? Barra oinezkoentzat irekita egon da beti! 2010. urtean oraingo zati berean puskatu zen, eta orduan harri txikiagoekin bete zuten olatuek eragindako zuloa. Zergatik? Konponketa hura behar bezala egin izan bazen, hau da, harri handiagoekin egoera berdinean izango ginateke orain? Ala, barrak ongi eutsiko zien itsasaldiei eta ez genukeen aurtengo txikizioa ikusiko?

Ez dute eztabaidarako biderik ireki nahi izan ordea. Eskertu behar da azalpenak argitzeko Oriora gerturatu izana, eragileekin eta udal ordezkariekin bildu izana, baina ez gaude ados hartu nahi diren neurriekin, ez eta Portuetako zuzendaritzak gai honekin izan duen modus operandiarekin ere. Abuztuan adjudikatu zuten obra. Urria hasieran hormigoizko blokeekin hasi ziren. Hau dena udalak ezer jakin gabe. Soilik proiektua bidali zuten uztailaren erdialdean.

Azken bi hamarkadetan itsasadarra zeharo aldatu duten urgaineko obra gehiegitxo jasan ditu Orioko herriak. Obra oso garestiak, itsasoko sarreran segurtasuna bermatzeko arrazoiketan oinarrituak denak. Urte gutxitan itsasadarra zeharo desitxuratu dutenak, ingurumenari egindako kaltea izugarria izan delarik. Oria Itsasadarra Natura 2000 sarean egonda. Eta norabide berean jarraitzen dute. Guk behintzat, azken obra hau aitzakia hartuta, hausnarketara gonbidatu nahi ditugu herritarrak.  Laster hasiko gara Plan Orokorraren partehartze prozesuarekin. Orduan izango da momentua, etorkizuneko Orio diseinatzeko. Zer nolako Orio nahi dugun, denon artean erabakitzeko. Gure ustez gaur eztabaidatzen ari garen proiektu honen itxurakoak guztiz soberan daude. Gutxiagorekin gehiago egin daitekela uste dugulako, ekonomia kinka larrian dugun garaiotan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide