1936ko urriaren 24an hil zuten Teodoro Mitxelena, Getariko kanposantuan. Oriotarra zen, Goiko Kalean bizi zen eta etxetik atera zuten gau hartan. Kamioian sartu eta Getariara eraman zuten. Han hil zuten. 78 urte igaro dira haren hilketa geroztik eta Orioko Udalak omenaldia egin nahi izan dio ekitaldi xume baten bitartez. Bihar izango da ekitaldia, 20:00etan, Orioko udaletxean.
Bikote instrumental batek jotako musika izango da, Egunsenti otxoteak ahotsa jarriko du eta testu bat ere irakurriko da. Azkenik, Udalak mozio bat onartuko du, Udala osatzen duten hiru talde politikoek aho batez onartuko dutena.
Barkamena eskatzeko modu bat
Teodoro Mitxelenak ez du inolako aitormenik izan sekula. Serenoa ate joka joan zen, bere bila. Etxetik eraman zuten eta ez zuten gehiago Mitxelenaren berri izan. Herri guztiak zekien hil egin zutela. Bere emaztea udalera joan zen handik 12 urtera alarguna zela adierazten zuen agiriaren bila, eta ez zuen horrelako dokumenturik lortu. Jakinaren gainean egon arren, urriaren 8tik desagertuta zegoela zioen agiria eman zien.
Orioko udala, zeharka, inplikatuta dago gertaera hartan, eta, horregatik, besteak beste, ekitaldi hau antolatu du.
Hildako oriotar guztiak ekarriko dira gogora
Udaletxeko ekitaldi horretan gogora ekarriko dira 1936ko gerran hildako 22 oriotarrak, alde batekoak eta bestekoak; eta gerra haren zentzugabekeria salatuko da. Hortaz, saiora gerran hartan hildako herritar guztien senideak gonbidatu ditu Udalak.
- [Bideoa] Iñaki Iturain: "Gerra batean guztiek galtzen dute"
- 1936ko gerrari buruzko liburua aurkeztuko da ostegunean